Barikuan hasiko da XIII. Mila Musika Harian

Bizkaie! 2022-11-02 08:52   Musikea

Bost kontzertu egongo dira Bilboko Bertendona Institutuan.

Flamengrass taldea abenduaren 2an etorriko da Bilbora (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gitarrea eta harizko instrumentuak ardatz dituan zikloa da Mila Musika Haria, bertoko eta kanpoko artista ezagunen eskutik eta Bilboko Udalak antolatuta. Aurtengoa, 13. edizinoa, barikuan hasiko da, zemendiaren 4an, eta bost kontzertuko programea dakar, abenduaren 2ra arte. Bilbo erdiko Bertendona Institutuan egingo ditue saio guztiak, 19:00etan hasita.

Errepertorio ugaria atondu dabe bost kontzertuko programan: gitarrea, biolina, kontrabaxua, harpea... Bost euroan salduko ditue sarrerak, zemendiaren 11ko saiorako izan ezik. Egun horretakoa doban izango da, gonbidapen bidez sartu ahal izango da publikoa.

Lehenengo egunean, 4an, herri zeltetatik bidaia kultural eta musikala ekarriko dabe Dúo Dídymako kideek, Oihane Jimenok (biolina) eta Cecilia Ferrazek (biolontxeloa). Ida y Vuelta, Por Favor izeneko kontzertuan, doinu tradizionalak zein barriak entzun ahal izango dira.

Bigarren kontzertuan, 11n, bertoko eta Koreako artista bana etorriko dira Bertendonako oholtzara, Eneko Aristondo bilbotarra eta Yong-Heon Ahn korearra. Aristondok Bilboko konserbatorioaren Juan Crisostomo de Arriaga X. Gitarra Lehiaketako Euskal Herriko ikasle interprete onenaren saria irabazi eban. Lehiaketa berean, Yong-Heon Ahni sari nagusia emon eutsen.

Euskal musikako izen ezagun bi izango dira bisitan zemendiaren 18an. Txomin eta Urbil Artola aita-semeek euren ibilbide musikalari errepasoa egingo deutse, kantutegi tradizionaleko doinuen eta lagunei egindako keinuen bidez.

Arpenjo be bikotea da, Charly Grive (banjoa, ahotsa) eta Céline Dicharry (harpea, ahotsa). Bien arteko topaketearen emoitzea musika alai eta bizia da. Zemendiaren 25ean izango dira Bilbon.

Azkenik, abenduaren 2an, Flamengrass taldearen Alegría kontzertuaz gozau ahal izango dogu. Izenak berak dinoanez, flamenkoa eta bluegrassa buztartzen ditue Lluis Gómez gitarra eta banjo jotzaile kataluniarraren zuzendaritzapean.

Sarrerak edo gonbidapenak eskuratzeko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu