Euskal Selekzinoa pelotan eta surfean ofizial izatea adostu dabe
2022-10-26 08:20 KirolaEspainiako Kirol Lege barriaren negoziazinoaren parte da akordioa.
EAJ eta PSOE alderdiek 2023ko aurrekontuak eta Espainiako Kirol Lege barria babesteko egin daben akordioaren barruan, Euskal Selekzinoa nazinoartean modu ofizialean lehiatu ahal izateko bidea zabaldu dabe, baldintza batzuk beteta. Peloteak eta surfak baldintza horreek beteten dituenez, ofizial bihurtzeko prozesua hasi ahal izango dabela esan nahi dau horrek. Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren onespenaren zain dago akordioa, dana dala.
Jeltzaleek aurkeztutako zuzenketeak dinoanez, autonomia erkidego bateko selekzinoa ofizial izateko, hango federazinoa Espainiakoa baino zaharragoa izan behar da, eta kirola bera modu berezian zuztartuta egon. Ganera, nazinoarteko federazinoek onartu behar dabe.
Baldintza horreek argi eta garbi beteten ditue Euskal Herriko Surf Federazinoak eta Pelota Federazinoak. Gogoan izan behar da bertoko surflariak Euskal Selekzinoaren izenean lehiatzen zirala lehen, Espainiako Federazinoa sortu zan arte; pelotearen kasuan be, euskal kirol tradizionala izanik, aspaldikoa da Euskal Selekzino ofiziala izateko eskaria.
Egunotan Miarritzen jokatu dan Munduko Pelota Txapelketan, hain zuzen be, kirolari eta eragile ugarik aldarrikatu dabe Euskal Herriaren izenean lehiatu nahi dabela eta protestak be egin ditue. Gehienek Espainiako eta Frantziako taldeetan hartu dabe parte eta batzuek Ameriketako selekzinoren bategaz.
Kirol Legearen eta aurrekontuen negoziazinoen barruan adostutako aurrerapausua ahalik eta arinen gauzatzeko gogoa agertu dabe ofizialtasunaren aldekoek. Izan be, akordioa eginda dagoan arren, oraindino bidea dago egiteko Euskal Selekzinoa surf eta pelotako nazinoarteko lehiaketetan ikusi arte. Kirol Kontseilu Gorenaren eta nazinoarteko federazinoen eretxia zein dan be jakin beharko da.
Pozarren agertu dira lortutakoagaz EAJko ordezkariak, eta geratzen dan bidean euskal federazinoen bidelagun izango dirala ganeratu dabe. EH Bilduk be ontzat jo dau, baina beste kirolak ez dirala ahaztu behar ganeratuta. Euskal Selekzinoen alde beharrean dabizan kirolari eta eragileek, ostera, ilusinoz baina zuhur hartu dabe barria, oraindino asko dagoalako egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!