Zinema-aretoetan euskerea zabaltzeko jaio da Zinuema
2022-10-21 08:33 ZinemeaIgorren, Etxarri-Aranatzen, Azpeitian eta Ataunen egingo ditue lehenengo saioak.
Zinema-aretoetan dagoan euskerazko eskaintza eskasa ikusita, UEMAk egitasmo barria jarri dau martxan, Zinuema izenekoa. Asmoa garbia da, pantaila handian euskerazko film eta dokumentalak ikusteko zirkuitu egonkorra sortzea, batez be herririk euskaldunenetan. Tinko Filmeak enpreseagaz alkarlanean dator Zinuema.
Lehenengo edizinoa proba pilotu lez egingo dabe, jentearen erantzuna eta egitasmoaren bideragarritasuna ikusteko. Hortaz, lau herritara baino ez da helduko Zinuemaren programazinoa: Igorre, Etxarri-Aranatz, Azpeitia eta Ataunera. Euskerazko 12 ikus-entzunezko dakarzan egitaraua atondu dabe, eta hurrengo asteetan helduko dira lau herrietako aretoetara.
Tinko Filmeak-eko Iñigo Arandiak azaldu dau programa pilotua lagungarri izango dala bihar-etzi eskaintza egonkorragoa diseinau ahal izateko: Probau nahi dogu egingarria izango ete litzatekeen etorkizun batean egitaraua eskala handiagora eroatea, herri eta aste gehiagoko eskaintza batera.
Orain arte be egon da euskerazko eskaintzea aretoetan, baina ezegonkorra eta urria izan da. Iñigo Arandiak azaldu dauenez, urte onenetan bi edo hiru euskerazko film baino ez dira heltzen pantaila handira eta horri gehitu behar jakoz Zineuskadik bikoizten dituan 10-12 pelikulak, normalean umeentzat eta marrazki bizidunetakoak.
Eskaintza txikiari batu behar jako azkenaldion streaming plataformek hartu daben indarra. Aurrerapausu nabarmenak egon diran arren, euskerazko edukiak ez dira asko plataformetan. Eskainitakoa ez da euskerazko aisialdi normalizadu batek behar leukeen adinakoa, dino Arandiak. Konsumo-ohituren inguruko datuak dira horren ondorio, herririk euskaldunenetan be erderazko ikus-entzunezkoak ikusten dira gehien.
Zinuemaren bidez, euskerazko eskaintzea zabaldu ez eze, herritarren ohituretan be eragin nahi dabe, Igorreko alkate Illart Gumuzioren esanetan: Uste dot gure esku be badagoala herritarrak euskerazko edukiak kotsumidutera ohitzea, eta, kasu honetan, ikus-entzunezkoen eskaintzea bermatzen badogu, herritarrentzat ez da hain ezohikoa izango euskerazko filmak eta dokumentalak ikustea.
Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak be aitatu dau ohiturak aldatzeko beharra, eta UEMAk eredugarri jokatu behar dauela ganeratu: borondatea izan ezkero bidea egin daitekeela erakusteko, baina baita gai honetan guk baino eskumen zabalagoa dabenei gure bidelagun izan daitezan eskatzeko be.
Hamabi film
Estilo, genero eta formatu ugaritako lanak sartu ditue Zinuemaren lehenengo ekinaldi honetan, aste batzuez behinik behin euskerazko eskaintza zabala egon daiten Igorre, Etxarri-Aranatz, Azpeitia eta Ataungo aretoetan. Zemendiaren 25-27ko astegoienean izango dira lehenengo emonaldiak, eta 2023ko zezeilean amaitzea da asmoa.
Danetara, 12 film dira:
- Zure platerean.
- Izurde mutikoa.
- Lupin III.
- Bertsolari Txapelketa Nagusiaren zuzeneko emonaldia.
- The Snow Queen.
- Nire zirkua.
- Black is Beltza.
- Go!azen.
- Irabazi arte.
- Gabi.
- Emakumea (film laburren bildumea).
- Elkano, lehen mundubira.
Saio bakotxerako sarrera solteez gan, bonuak be salduko ditue. Hamar saio ikusteko txartela 20 euroan eskuratu ahal izango da. 1.500 bonu inprimidu ditu UEMAk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!