Zinemagileen arteko alkarrizketak egingo ditue Donostian

Bizkaie! 2022-10-18 13:48   Zinemea

Bigarren edizino honetako egitarauan bederatzi saio dagoz.

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak bigarren aldiz antolatu dau Zinemagileen Elkarrizketa izeneko zikloa, Donostiako Zinemaldiaren Z365 atalaren eta Elías Querejeta Zinema Eskolearen laguntzinoagaz. Zemendiaren 3an hasita, bederatzi hitzordu izango dira eta bakotxean bi edo hiru zinemagile alkartuko ditue, euren jardunaren inguruko gogoetak konpartiduteko.

Ziklo honek giltzarriak emongo deutsaz publikoari film bat egiteko prozesuan ikusten ez diran alderdiez, alkarrizketa edo barriketaldi formatu arinean. Zinemagintzea lanbide kolektiboa dala nabarmenduko dabe saio guztietan, zuzendariagaz batera hainbat arlotako profesionalak beharrezkoak diralako (muntaketea, interpretazinoa, gidoia, produkzinoa...). Zikloko alkarrizketetan egingo dabe berba lanbide horreetan dabizan hainbat lagunek.

Zinemagintzeagaz lotutako ikasketak egiten dabizanentzat zein zinemazale guztientzat aproposak izango dira saioak. Ganera, publikoak modu aktiboan hartu ahal izango dau parte, protagonistei galderak eginez. Ez da beharrezkoa aurretik izena emotea. Streaming bidez be emongo ditue. 19:00etan hasiko dira danak.

Lehenengo hitzordua zemendiaren 3an izango da. Hiru euskal zuzendari konbidauko ditue: Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi eta Maider Fernández Iriarte, hirurek euren lehenengo lanak aurkeztu oraintsu aurkeztu ditue. Urresolak Cuerdas film laburra Cannesen eta Donostiako Zabaltegi-Tabakalera Sailean erakutsi eban eta orain lehenengo luzea egiten dabil, 20.000 especies de abejas. Gorostidi Ikusmira Berriak sailean egoiliar izan da aurten, eta lehenengo filma aurkeztu barri dau, Anekumen. Fernandez Iriarte be Ikusmira Berriak-etik pasauta dago, eta Las letras de Jordi lehenengo film luzea estreinau eban Zinemaldiko New Directors sailean; orain bigarren filmari ekin deutso.

Hurrengo hitzorduak honeek izango dira:

- Zemendiaren 22a: Albert Serra, Ari Ribas eta Artur Tort.

- Abenduaren 13a: Mikel Gurrea eta Laura Rubirola.

- Urtarrilaren 11: Fernando Franco, Telmo Irureta eta Valèria Sorolla.

- Zezeilaren 16a: Pilar Palomero eta Sofía Escudé.

- Martiaren 9a: Alauda Ruiz de Azua eta Carlota Pereda.

- Apirilaren 13a: Alberto Rodríguez eta Rafa Cobos.

- Maiatzaren 4a: Belén Funes eta Marçal Cebrián.

- Maiatzaren 26a: Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu