Sari bi irabazi ditu 'Irati'-k Sitgesen
2022-10-17 07:50 ZinemeaPublikoaren eta Efektu Berezien Sariak eroan ditu Paul Urkijoren filmak.
Jaialdietako ibilbidea bikain hasi dau Paul Urkijoren Irati pelikuleak, bildurrezko eta fantasiazko zinemearen hitzordurik garrantzitsuenetako bat dan Sitgeseko Nazinoarteko Jaialdian. Ikusleen harrera beroa eta kritika onak jasoteaz gan, sari bi ekarri ditu etxera.
Batetik, Publikoaren Saria irabazi dau, beraz, festibaleko ikusleek eurek egin deutse autortzea Irati-ri. Bestetik, Efektu Berezirik Onenen Saria be eskuratu dau, VIII. mendeko Euskal Herria pantaila handira eroateko egindako ahalegin teknikoagaitik. Efektu bereziena ex-aequo irabazi dau, Hatching (Ego) filmagaz batera.
Erdi Aroaren hasierako sasoi ezezagunetara eroango gaitu Paul Urkijoren Irati-k. Aurreko lanetan egin dauen lez, euskal mitologian eta kontakizunetan oinarritzen da, baina oraingoan historiaren sasoi ilunetan kokatu dau pelikulea. Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate dira aktore nagusiak. 2023ko zezeilean estreinauko dabe zinema-aretoetan.
Sitgeseko aurtengo irabazle nagusia Jalmari Helander finlandiarrak zuzendutako Sisu izan da: lau kategoriatan izan da onena. Bigarren Mundu Gerra bete-betean urrezko altxor baliotsua topau dauen soldadu bat da protagonistea. Laponiatik urira eroan nahi dau urrea, baina bidean naziak eta beste oztopo batzuk topauko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!