Arraunlari Beteranoen III. Topaketea, urriaren 22an Mundakan
2022-10-13 10:03 KirolaLehiaketeaz gan, tailerrak, erakustaldiak eta kontzertuak egongo dira.
Bizkaiko Arraunlari Beteranoen III. Topaketea kirolari, zale eta herritar guztiak alkartzeko atxakia izango da, danetariko jarduerak atondu ditue eta. Mundakan, urriaren 22an, zapatua, ipini dabe hitzordua. Mundaka Arraun Taldeak eta Bilboko Arraunlari Beteranoek antolatu dabe, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Mundakako Udalaren laguntzinoagaz.
Arraunaren balioak eta tradizinoa aldarrikatzea izango da helburua, euskal kostaldean sakon zuztartutako kirola dan ezkero. Gitxi gorabehera, 350 arraunlarik parte hartzea espero dabe, klub ugari etorriko diralako Mundakara lehiatzera: Mundaka, Bilbo, Ibaialde, Sotera, Alacant, Cambrils, Plentzia, Iberia, Sestao, Zumaia, Badok13, Pontejos, Aizburua, Esteiro, Tiran eta Getxo.
Hortaz, Mediterraneoko ontziak ikusi ahal izango doguz, berton ohikoagoak diran galiziar, kantabriar eta euskaldunakaz batera.
Topaketa hau aldi berean finkatu eta hazi egin da, gero eta klub eta arraunlari gehiago doguz: Tarragonatik, Alacantetik eta Galiziatik etorten dira euskal traineruakaz jardunaldi hau konpartiduteko, eta baita kirola egiteko eta beste klub eta lurralde batzukaz hartu-emonak ehuntzeko be, adierazo dau Jose Antonio Zubizarretak, Arraunlari Beteranoen Alkarteko (ABE) presidenteak.
Goizean, jatsiera modalidadeko probea jokatuko dabe klub guztiek. Arratsaldean, esprint erako lehiaketearen txandea izango da. Lehorrean, sokatira erakustaldia egingo dabe, eta, ondoren, arraunlarien eta tiralarien arteko desafioa. Eguna biribiltzeko, kontzertuak egongo dira Mundakan.
Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok azaldu dauenez, kirol hutsetik harago doan ekimena da Arraunlari Beteranoen Topaketea: Kirolaren balioak, gure tradizinoa eta nortasuna aldarrikatzeko eguna da, izan be, arrauna kirola da, baina baita tradizinoa eta kulturea be, nortasuna, identidadea, batzen gaituana, Bizkaiko DNAren parte da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!