45. Euskal Zinema Bilerea urriaren 20tik 23ra
2022-10-13 09:26 ZinemeaJaialdiko 4 egunetarako egitarau potoloa iragarri dabe.
Aurten 45 urte beteko ditu jaialdiak eta sekula baino arrazoi gehiago dagoz Lekeition zinema garela esateko. Euskal Herriko jaialdi zaharrena da eta euskera hutsean egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat.
Aurten be Ikusgarri zinema-aretoak bere ateak edegiko deutsoz Lekeitioko Euskal Zinema Bilereari urriaren 20tik 23ra. Jaialdiak 4 eguneko iraupena izango dau aurten, ohikoa baino laburragoa, baina intensoagoa. Egun horreetan zehar euskerazko ikus-entzunezko arloagaz lotutako ekintza ugari izango dira, sektorearen presentzia indartu eta euskerazko filmen sustapenagaz. Euskerazko ikus-entzunezkoen munduko eragileakaz lanean jarraituko dau, bertako profesional, amateur edota zaleen errealidadeak hobeto ezagutzeko eta interesa izan leikien personak erakarteko.
Aurtengo edizioa inoiz baino herrikoiagoa izango da. Lekeition zinemea gara eta lekeitiarrak dira horren arduradunak, haiek dira zinema-aretoa beteten dabenak, euskerazko filmak konsumiduten dituenak eta, jakina, Euskal Zinema Bilerea bizirik eusten deutsienak. Hori eskertzeko asmoz, 45. edizinoko karteletan herritarrak izango dira protagonista, eurak agertuko baitira kartel nagusietan. Euskal Zinemearen herriagaz lotu nahi gara barriro eta zinemara joateko ohitureari balorea emon. Eta, horretarako, hartu-emonetan oinarrituko gara aurten eta bilera izakerea sendotuko dogu.
Sail Ofiziala
Euskal Zinema Bilerea ezaguna bada, barrubatzen dauen lehiaketeagaitik da. Euskeraz produzidutako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desbardinak batzen dituan neurrian. Gauzak holan dirala, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak izango dira. Eta gainera, ikusleak be protagonista izango dira, lan bakotxari eurek emondako puntuaketen bidez erabagiko dabelako ikuslearen sari bereziaren irabazlea.
Sariak
· Film onenaren saria – 3.000 €
· Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
· Gidoi onenaren saria – 1.600 €
· EITB Ikuslearen saria – 750 €
· Gazte 22 saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 750 €
Lehiaketarako 20 film labur aukeratu ditue. Aurkezten diran lanek aurre aukeraketa bat igaroten dabe eta horreetatik 20 heltzen dira Sail Ofizialeko Lehiaketara.
Euskal Zinemea
Euskal Zinema Bilereak urtero gogoan hartzen dau euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin dauen eragile edo personea. Aurten Ramon Agirre aktorea da protagonista eta harek egindakoa autortu, ospatu eta omentzeko tartea eskainiko dogu. Azken lau hamarkadetako euskal ikus-entzulegoa euskeraz entretenidu, elikatu, hezi, sentiarazo eta pentsarazo dauelako Ramon Agirrek.
(H)emen Gaude: Emakume zinemagileen topaketa profesionalak
(H)emen, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeez osotutako alkartea da. 2016an sortu zan sektore bi horreetako emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzeko asmoz, lan hartu-emonak sustatzeko eta sexuen arteko desbardintasuna murrizteko.
2016an sortu zanetik alkarlanean ibili dira EZB eta (H)emen. EZBren barruan (H)emen Gaude espazioak lehio bat zabaltzen deutso euskal ikus-entzunezkoen sektoreari momentuan dagozan problematika edo hausnarketak plazaratzeko. Aurten, Arantza Santesteban zinemagilearen lana ezagutuko dogu 918 Gau filmaren bidez eta Kristina Zorita kazetari eta zinemagileak egingo deutson alkarrizketaren bitartez.
Kameratoia
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zinema Bilereak atontzen daben euskerazko ikus-entzunezko rally hau urriaren 21tik 23ra egingo da.
Euskaltzaleen Topaguneagaz alkarlanean egiten da. Zinemagile gazteek 40 ordutan film bat sortu eta aurkeztu behar dabe. Aurten, gidoigintzeari buruzko formakuntzea jasoko dabe gainera eta Paul Urkijo zuzendaria izango dabe aholkulari.
Atzo 8
Atzo 8 espazioaren barruan, euskal zinemearen ondarea batu eta zabaltzea da helburua. Aurtengo egitarauaren barruan, super 8 tailer bat egingo da Zine-Lab proiektuko kideakaz batera. Parte-hartzaileek Super 8 formatuan film bat sortzeko oinarrizko prozesuak eta materialak ezagutuko ditue. Gero, lantegi praktiko honetan pelikula bat filmau, ezagutzera emon eta Super 8-an proiektauko dogu. Lantegian parte hartzeko izen-emon behar da hemen. zinebilera.eus orrialdean.
Zoom
Ikus-entzunezko esperimentazino eta alfabetizazinorako espazioa. Zoom-ek esperimentazino artistikorako eta ikus-entzunezko alfabetizazinorako espazioa eskaintzen dau. Etorkizuneko zinemagile barrien formakuntzan eragiteko lekua baita.
EZBk, Arropaineko Arraguagaz alkarlanean ikus-entzunezko sormenerako praktika bat eroango dau aurrera herriko ikastetxeetako ikasleakaz batera.
Programa hau 2022-23 ikasturtean jorratuko da eta honen amaieran EZBn erakutsiko dan emoitzea erakutsiko jake herritarrei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!