'EztanDA!' lemapean dator 57. Durangoko Azokea
2022-10-11 11:37 KultureaRuben Ramosek egin dau aurtengo edizinoko kartela.
Kulturearen plazea, sortzaileen eta publikoaren arteko alkargune, izateko asmoz egingo dabe, urtero lez, 57. Durangoko Azokea, abenduaren 7tik 11ra. Aurtengo leloa EztanDA! izango da, kulturgintzeak Durangon izaten dauen fenomenoa ondo baino hobeto adierazoten dauen berbea.
Eztandearen idean oinarritu da Ruben Ramos Azokako kartela egiteko, Landako Gunean egindako agerraldian azaldu dauenez. Izar moduko ikono bategaz agertu dau EztanDA! Urnietako artisteak, eta ilustrazinoak unibersoaren eta Big Bangaren hedapenera eroaten gaituala adierazo dau.
Inklusibidadearen barruan, persona ezbardinen (ez emakume, ez gizon) ideak, ilusinoak eta norberaren imajinazino koloreduna agertu nahi izan ditu Ramosek kartelean. Gazteak jomugan, estilo garaikideko diseinuaren alde egin dau usurbildarrak, baina ikutu retroak ahaztu barik.
Landako Gunean egindako agerraldian, Ramosegaz batera egon dira Gerediaga Alkarteko presidente Nerea Mujika, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburorde Andoni Iturbe, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari Xabier Arauzo eta Durangoko alkate Ima Garrastatxu.
Pandemiaren eraginez ezarritako murrizketa eta arau zorrotzak alboratuta, betiko formatura bueltauko da Azokea. Dana dala, aurrez aurreko formatuagaz batera, online azokeari eutsiko deutsela ziurtatu dabe Landakoko agerraldian.
Pozik gatoz, urte biren ostean Durangoko Azokearen eztandea biziko dogulako, adierazo dau Nerea Mujikak. Mugarik bako Azokea izango dala dino, maskaren atzean izkutatzen ziran irribarreen bueltea, topalekua, giroa, egun osoko kultur eskaintzea, jaia, umeak, gazteak eta ez hain gazteak.
Euskal kulturearena ez eze, sorkuntzearen eta jaiaren eztandea izango dala ganeratu dau, Durango osotik eta Euskal Herri osora zabalduko dana.
Eztanda hori Azokearen gune guztietan eta Durango osoan igarriko da. Lehenengo egunean Ikasle Goiza egingo dabe, eta Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Eszenatokia be bete-betean datoz.
Ruben Ramos, kartelaren egilea, ibilbide luzeko diseinatzaile eta sortzailea da. Azken urteotan hainbat agentzia, enpresa eta erakunderentzat egin ditu lanak. Besteak beste, Zinemaldia, Donostiako Jazzaldia, Loreak Mendian, Etxepare Institutua eta Dbus izan ditu bezero. Aise Estudioa sortu dau aurten bertan. Ganera, musikaria be bada.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!