Serantes Saria, Elena Irureta aktorearentzat

Bizkaie! 2022-10-07 12:40   Zinemea

Santurzine jaialdiaren azken galan emongo deutse saria, urriaren 22an.

Euskal publikoak ondo baino hobeto ezagutzen dauen aktore bati emongo deutse 10. Santurzine jaialdiari jagokon Serantes Saria, Elena Iruretari hain zuzen. Telebistan zein zineman hamarkada asko egin ditu beharrean, Euskal Herrian ez eze, baita Espainiako produkzino batzuetan be.

Santurzineko arduradunek zehaztu dabenez, ibilbide zabal eta bikaina da Iruretarena, eta horri esker euskal aktoreen hainbat belaunaldiren erreferente izan da. 35 urteko ibilbide profesionala eginda be, interpretazinoa oraindino pasinoz bizi dauela azpimarratu dabe. Zuzendari ezagunen aginduetara egin dau lan, besteak beste, Juanma Bajo Ulloa, Julio Medem, Icíar Bollaín, Daniel Calparsoro, Telmo Esnal eta Asier Altuna.

Zumaian 1955ean jaioa, Euskal Telebistaren lehenengo urteetan ezagutu genduan, telesail ezagun batzuetan protagonistea izan zalako. 1990eko hamarkadako Jaun ta Jabe eta Bi eta bat eta 2000ko hamarkadako Martin dira horreetako batzuk. Espainiako telebistan, besteak beste, Periodistas eta Al salir de clase serieetan ikusi dogu.

Zineman be, euskerazko zein gaztelaniazko produkzinoetan egin dau lan. Aupa Etxebeste! pelikuleak egundoko oihartzuna izan eban 2003an eta haren jarraipenean (Agur Etxebeste!, 2019) Iruretak barriro egin eban protagonista nagusietako batena. Azkenaldion, Patria filmean egindako lanagaitik sari eta aitamen ugari irabazi ditu, besteak beste, Forqué eta Feroz.

Telesail eta pelikulez aparte, antzerkian be ibilten da Elena Irureta, baita interpretazinoagaz lotutako beste zeregin batzuetan be, berbarako, bakarrizketak edo telebistan kolaborazinoak.

Santurzine jaialdiaren 10. edizinoko amaierako galan emongo deutse Serantes Saria Iruretari. Urriaren 22an izango da ekitaldia, 20:30ean, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan. Lehiatilan eskuratu leitekez sarrerak, doban.

Serantes Sariak 2014tik emoten ditue Santurzineren barruan. Aurreko urteetako irabazleak izan dira Felix Linares (2014), Juanma Bajo Ulloa (2015), Moriarti Produkzinoak (2016), Anabel Alonso (2017), Itziar Lazkano (2018), Asier Etxeandia (2019), Fernando Albizu (2020) eta Itziar Ituño (2021).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu