Skyrunner World Series-eko finalak Gorbeialdean
2022-10-07 12:32 KirolaGorbeia Suzien lasterketearen kontura, ekitaldiak egongo dira asteogien osoan.
Dana dago prest 2022ko Gorbeia Suzien mendiko lasterketea jokatzeko, Arratiako herritar eta eragile ugariren alkarlanari eta ahaleginari esker. Aurten erabagigarria izango da lasterketa nagusia, Skyrunner World Series zirkuituko azken probea izango dalako. Hortaz, munduko korrikalari onenetako batzuk etorriko dira.
Horrek esan nahi dau, urteroko lasterketa biak, Skyrace (31 km) eta 21 kilometrokoa, egiteaz gan, Skyrunning World Series-i jagokona be hartuko dauela Gorbeialdeak zapatuan. 32 kilometro 2.500 metro positiboko lasterketea izango da.
Gorbeia Suzien-en banatuko diran puntuak ezinbestekoak izango dira munduko zirkuitua irabazi nahi dabenentzat. Gizonezkoen kategorian, momentu honetan, Christian Mathys da liderra (260 puntu). Atzetik datoz Nicolas Molina (246), Ander Iñarra (244) eta Raul Butaci (204).
Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia bizkaitarra dago lehenengo postuan (316 puntu). Ondoren, Iris Pessey (300), Lindsay Webster (290), Maite Maiora (270) eta Sandra Sevillano (240).
Zapatuan, urriak 8, goizeko 09:00retan hasiko da Skymasters lasterketea. Geroago, ostera, Skyrace, lasterketa laburragoetakoek eta gazteen mailetakoek. Ibilbide nagusia 32 kilometrokoa da eta 600 parte-hartzaile inguru espero ditue.
Ibilbidea Zeanuriko plazan hasiko da, San Justoko ermitara bidean. Aldatz gogorretan gora, Zanburu ingurura helduko dira korrikalariak, eta bide zuzenean Lekandara. Arrabako landetara bajatuta, Zastegiko parajeetatik joango dira Gorbeiako kurutzera eta Aldaminera. Zeanurirainoko jatsiera luzea izango dabe zain azkenik.
Gorbeialdeko paraje ikusgarrietan jokatzen da Gorbeia Suzien, Bizkaiko ingurune ikusgarrienetako batean. Era berean, Arratiako herriei bizia emoteko ekitaldia be bada. Horregaitik, kirolaz aparteko beste jarduera ugari be antolatu ditue, zapatuan ez eze, baita astegoien guztian be.
Gaur, barikua, dorsalak banatzen ibiliko dira antolatzaileak eta berbaldi teknikoa be egongo da Zeanuriko plazan. Ondoren, ikuskizuna dago programauta. Zapatuan, behin lasterketa guztiak amaituta eta sariak banatuta, ospakizunari ekingo deutse. 18:00etan, The Broken Brothers Brass Band taldearen kontzertua hasiko da eta gauean DJak eta jaia agindu ditue.
Domekan umeen lasterketak jokatuko dira. Kirola egiteko ez eze, ondo pasetako modua izango dabe gaztetxuenek, helmugan ipiniko dituen puzgarri, olgeta eta abarrei esker. Herri-kirolak probetako aukerea be izango dabe.
Ikusmin handia eragiten dauen hitzordua da Gorbeia Suzien, bai kirolarien artean eta bai zaleen artean be. Horrek giro bikaina ekarten dau urtero Arratiara eta Gorbeialdera, baina baita jente-piloketak be. Horregaitik, antolatzaileek ohartarazpen batzuk egin ditue: trafikoarentzat zarratuta egongo dira bide batzuk zapatuan eta Bizkaibusen zerbitzuan be aldaketatxu batzuk egin behar izan ditue.
Mendian be jente asko espero danez, garraio publikoa erabilteko deia egin dabe. Pagomakurrera igoteko autobus bereziak ipiniko ditue, Zeanuritik eta Areatzatik urtenda. Goizean goiz, 07:00retan, hasiko da zerbitzua eta 16:00ak arte ibiliko da. Bestela, etxetik be lasai-lasai ikusi ahal izango da Gorbeia Suzien, Youtuben eta Facebooken zuzenean emongo dabe eta.
Gorbeia Suzien 2012an egin eben lehenengoz eta eten bi izan ditu hamar urteko bidean. 2018an, antolatzaileek pentsau eben deskantsua behar ebela probearen nondik norakoak hobeto definiduteko. 2020an pandemia izan zan erruduna. 2021ean, Zaid Ait Malek eta Denisa Dragomir izan ziran irabazleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!