Pauline Adok zidarrezko dominea irabazi dau Kalifornian
2022-09-26 09:09 KirolaNadia Erostarbek ez ditu finalaurrekoak gainditu.
Pauline Ado lapurtarra izan da euskal surflaririk onena ISAk antolatutako Munduko Txapelketan, Kaliforniako Huntington Beach herrian. Finalean azken momentura arte lehiatu da, baina Kirra Pinkerton izan da onena. Beraz, Angeluko surflariak bigarren lekuagaz, zidarragaz, konformau behar izan dau.
2017ko edizinoan urrea irabazi eban Adok, baina Kalifornian ez dau bide erraza izan zidarra eskuratzeko. Olatu eskaseko txandea tokau jako, eta, puntuazino bajua eginda, hasieran ez da sartu dominetako lehian. Errepeskan lan gogorra egin behar izan dau lehenengo postuetara hurreratzeko.
Azken txanpan, Kirra Pinkertonek olatu bikain bat atrapau dau, eta urrea eroan dau horri esker, 13,63 puntugaz. Pauline Adok zidarra eskuratu dau (13,00), momentu batzuetan finaleko lehenengo postuan joan dan arren. Brontzea Sally Fitzgibbons australiarrarentzat izan da (11,60).
Basque Teamen izenean lehiatu dan Nadia Erostarbek, ostera, ez dau finalaurrekoetatik aurrera egiterik izan. Zazpigarren kanporaketan izan dau azken aukerea, errepeskearen bidez, baina, lehenengo saioa irabazi dauen arren, bigarrenean kanpoan geratu da, Chelsea Tuach , Sophie McCulloch eta Eilani Mcgonagleren aurretik.
Gizonezkoen atalean, Kanoa Igarashi japoniarra, Rio Waida indonesiarra eta Jackson Baker australiarra izan dira lehenengo hirurak. Ganera, Estadu Batuek eta Japoniak 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetarako txartel bi eskuratu ditue, Kalifornian egindako lanari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!