‘Los reyes del mundo’ filmak irabazi dau 70. Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Bizkaie! 2022-09-26 07:55   Zinemea

Suro Mikel Gurrearen lehenengo film luzeak hiru sari eroan ditu.

‘Los reyes del mundo’ filmako zuzendaria eta aktoreak | Ikusi handiago | Argazki originala

Laura Moraren Los reyes del mundo / The Kings of the World filmak —Kolonbiak eginiko koprodukzinoa, Luxenburgo, Frantzia, Mexiko eta Norvegiagaz batera— irabazi dau Donostia Zinemaldiko 70. edizinoko Urrezko Maskorra. Horrezaz gan, epaimahai ofizialak Genki Kawamura zinemagileari emon deutso zuzendari onenaren Zidarrezko Maskorra Hyakka / A Hundred Flowers (Japonia) filmagaitik, eta gidoi onenaren saria, barriz, Dong Yun Zhou eta Wang Chao egileentzat izan da, azken horrek Kong Xiu / A Woman (Txina) filmean eginiko lanagaitik.

Carla Quílez eta Paul Kircher aktoreek irabazi dabe Interpretazino Nagusi Onenaren Zidarrezko Maskorra ex aequo, Pilar Palomeroren La Maternal (Espainia) eta Christophe Honoré zuzendariaren Le Lycéen / Winter Boy (Frantzia) filmakaitik, hurranez hurran. Bestalde, Renata Lermanek eskuratu dau antzezle taldeko interpretazinorik onenaren saria, Diego Lermanen El suplente filman eginiko lanagaitik (Argentina-Espainia-Italia- Mexiko-Frantzia). Manuel Abramovich Pornomelancolía obrearen zuzendariak (Argentina-Frantzia-Brasil-Mexiko) eskuratu dau argazki onenaren saria, film horretan eginiko lanagaitik. Epaimahaiaren Sari Berezia, ostera, Marian Mathias hasibarriaren Runner filmak irabazi du (AEB-Alemania-Frantzia), apustu narratiboaren anbizinoagaitik, originaltasunagaitik eta lehenengo obra honetan sentiduten dan indarragaitik.

Hirugarren urtez jarraian, emakume batek zuzendutako film batek iarabazi dau Sail Ofizialeko sari nagusia —aurretik izan zituan Beginning (Dea Kulumbegashvili, 2020) eta Crai nou / Blue Moon (Alina Grigore, 2021), hain zuzen—, eta Zinemaldiaren zazpi hamarkadatan lehenengoz irabazi dau Urrezko Maskorra Kolonbiako produkzino batek. Laura Mora (Medellín, 1981) zuzendariaren bigarren film luzea da, Matar a Jesús (2017) lehenengo filmari esker Kutxabank-New Directors Saria irabazi ebalako aurretik.

Epaimahaiaren Sari Bereziak eta Zuzendari Onenaren Zidarrezko Maskorrak opera prima bi autortu ditue: Runner eta Hyakka / A Hundred Flowers, hurranez hurran. Azken lan hori Genki Kawamurak zuzendu dau, gaur egungo oinarrizko hainbat animazimo-film japoniarren produktoreak.

Matías Mosteirín izan da sariok emon dituan epaimahaiaren buru eta epaimahaikide izan dira Antoinette Boulat, Tea Lindeburg, Rosa Montero, Lemohang Jeremiah Mosese eta Hlynur Pálmason.


Beste sari ofizial batzuk

Kursaal jauregian izan da Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko klausura-galea eta beste zenbait sari ofizial be emon ditue: Fifi / Spare Keys (Frantzia) filmak —Jeanne Aslan eta Paul Saintillan ditu zuzendarikide— eskuratu dau Kutxabank-New Directors Saria eta, esangura horretan, aitamen berezia eskuratu dau Parth Saurabh zinemagilearen Pokhar ke dunu para / On Either Sides of The Pond (India) filmak. Valentina Maurel egilearen Tengo sueños eléctricos (Belgika-Frantzia-Costa Rica) lehenengo lanak irabazi dau Horizontes Saria, Locarnoko zinema-jaialdian zuzendari onenaren eta emakumezko zein gizonezko aktore onenen sariak irabazi ondoeren. Bestalde, Hlynur Pálmason zinemagilearen Godland filmak (Danimarka-Islandia-Frantzia-Suedia) irabazi dau Zabaltegi-Tabakalera Saria, Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean parte hartu baitzeban.

Nest Saria Sofía Salinas eta Juan David Bohórquez egileen Montaña azul / Blue Mountain (Kolonbia) film laburrak eroan dau, biak Kolonbiako Unibersidade Zentraleko ikasleak eta sail horretako aitamen berezia, ostera, HEAD-Genève ikastegiko Benjamin Goubet ikaslearen Anabase (Suitza) lanak irabazi dau.

Horrezaz gan, Euskal Zinemaren Irizar Saria Suro (Espainia) lanarentzat izan da —Mikel Gurrearen lehenengo film luzea, Sail Ofizialera batutakoa— eta aitamen berezia, barriz, María Elorzaren A los libros y a las mujeres canto / To Books and Women I Sing (Spainia) pelikularentzat, New Directors sailean hautatu baita. Suro film luzeak ere Fipresci saria irabazi dau.

Bestalde, Perlak Saileko ikusleek hautatzen daben Donostia Uria Publikoaren Saria Santiago Mitreren Argentina, 1985 (Argentina, AEB) filmarentzat izan da, Fipresci Saria eskuratu baiteban Veneziako Zinema Jaialdian. Europako Film Onenaren Publikoaren Saria, ostera, As bestas / The Beasts (Espainia) lanak eroan dau, Rodrigo Sorogoyen zinemagileak Cannes Première sailean esku hartu baitzeban.

Galearen ostean, Neil Jordan egilearen Marlowe filmaren munduko estreinaldiaren txandea etorri da; zinemagilea Donostian izan da, Liam Neeson eta Diane Kruger antzezleakaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu