Euskal ikus-entzunezkoen topaleku izango da Gure Zinema
2022-09-21 08:58 ZinemeaSektoreko eragileak batzeko sortu dabe plataforma barria.
Euskal Herrian ikus-entzunezkoen alorrean beharrean dabizan hainbat alkarte eta eragile batu dira, alkarlanean indar handiagoa izango dabelakoan. Holan jaio da Gure Zinema plataforma barria, 70. Zinemaldiaren egunotan Donostian aurkeztua. Sara Cozar eta Joseba Usabiaga aktoreek aurkeztu ditue ekimenaren nondik norakoak.
Ikus-entzunezkoen sektoreko ekosistema osoa kontuan hartzen dau Gure Zinemak, produktuaren sormen prozesutik ikus-entzuleakana eroan bitarteko pausu guztiak. Plataformeak barruan hartzen ditu zuzendariak, gidoilariak, aktoreak eta teknikariak, baita produkzino-etxeak eta zinema-aretoak be.
Bultzatzaileen artean dagoz bertoko produkzino-etxeak batzen dituen hiru alkarteak, Apika, EPE-APV eta Ibaia. Ganera, EZAE eta EiTB be tartean dagoz, euskal zinemearen familia zabaleko ganerako kideak ahaztu barik: jaialdiak, kultur erakundeak eta aktoreen zein gidoilarien alkarteak. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila da babeslea.
Sektore osoa indartzea eta ikus-entzuleak aretoetara erakartea dira plataformearen helburu nagusiak. Horretarako, laster jarriko ditue martxan ikus-entzuleak erakarteko neurri barritzaile ugari, besteak beste, zozketak, promozinoak, aurrestreinaldiak eta VIP esperientziak.
Bere jardun guztiaren barri emoteko, sare sozialak eta webgunea martxan jarri ditu Gure Zinemak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!