Garazi Sanchez, Nadia Erostarbe eta Pauline Ado, aurrera Munduko Surf Txapelketan
2022-09-20 09:17 KirolaHirugarren kanporaketea jokatuko dabe hirurek.
Kaliforniako Huntington Beach herrian dabiz 2022ko Munduko Surf Txapelketea jokatzen, eta hantxe dagoz euskal ordezkariak be. Gizonezkoen txandea amaituta, emakumezkoak dabiz lehian azken egun biotan, eta, Basque Team-ek azaldu dauenez, Garazi Sanchez bizkaitarra eta Nadia Erostarbe gipuzkoarra aurrera doaz, hasierako kanporaketak gaindituta.
Goizean goiz ekin deutso Garazi Sanchezek lehiaketeari, eta horregaitik kostau egin jako maila ona emotea. Dana dala, lehenengo lekuan amaitu dau bere txandea. Alys Barton britainiarraren, Sive Jarred Samoako surflariaren eta Suok Hong korearraren kontra jokatzea egokitu jako, eta aurrera egin dau, Bartonegaz batera.
Arratsaldean larriago ibili da hurrengo kanporaketea gainditzeko. Dominic Barona ekuadortarrak aurrea hartu deutso puntuazinoan, baina bigarren lekua nahikoa izan dau getxoztarrak hirugarren kanporaketara heltzeko.
Nadia Erostarbek kontrako bidea egin dau, goizeko txandan eskas antzean eta arratsaldean sendoago. Edozelan be, fase biak pasau ditu eta hirugarren kanporaketan parte hartuko dau. Basque Team-etik kanpo, Pauline Ado lapurtarra be Munduko Txapelketan dabil, eta hau be hirugarren txandan izango da.
Hiru euskal surflarien artean, Garazi Sanchez da Kaliforniara justuen heldu dana, lepoko lesinoen erruz. Munduko Txapelketearen aurreko edizino bietan ezin izan zan egon, baina barriro bueltau da Nazinoarteko Surf Federazinoaren goi mailako lehiaketetara. Dana dala, behetik gorako bidea egiteko helburua dau, Huntington Beachen barriro gozau eta 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak gogoan. Tahitin jokatuko dira surf proba olinpikoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!