Paul Urkijo zuzendariak edegi dau 18. Kameratoian izena emoteko epea
2022-09-16 12:24 ZinemeaIrailaren 16tik urriaren 16ra egongo da zabalik.
Kameratoia urriaren 21etik 23ra egingo da Lekeition, 45. Euskal Zine Bilera jaialdiaren barruan.
18. Kameratoiak Paul Urkijo (Errementari, Irati) zuzendari ospetsua izango dau gidari. Aurreko edizinoetako Aitor Arregi eta Aitziber Garmendia izan ziran moduan, Paul lehiaketako gidaria izateaz gan, parte-hartzaileei dobako gidoilaritza ikastaro txiki bat emongo deutse. Horrezaz gan, Iban del Campo (Serendipia), igazko Euskal Zine Bilerako film onenaren saria irabazi eban zuzendariagaz batera lehiaketearen epaimahaikidetako bat izango da.
Edizino guztietan bezela, partaideek 36 orduko tartea izango dabe atontzaileek emondako gai baten inguruan film labur bat egiteko. Urriaren 21ean, arratsaldez Paul Urkijoren ikastaroa eta gero kaleratuko da gaia, lehenengo Lekeition eta minutu batzuk geroago webgunean. Behin gaia kaleratuta 36 ordu izango dabe film laburra egiteko. Holan, domekan, urriaren 23an, eguerdia baino lehen entregau beharko ditue ikus-entzunezkoak.
Ikus-entzunezko lehiaketa honek pandemia aurreko dinamikea berreskuratuko dau eta parte-hartzaileak Lekeitiora etortea gonbidatzen ditu asteburu pasa. Horretarako izena emoten daben lehen 20 partaidek gau bateko egonaldia doban izateko aukerea izango dabe. Lehentasuna gau biko egonaldia egiten dabenekutenak izango dabe izen-emote ordenean.
Film labur onenak 800 euro irabaziko ditu eta Topaguneak atontzen dituan DemaSA lehiaketan eta Laburbira zirkuituan sailkatuko da. Bigarren onenak 350 euro jasoko ditu eta boto gehien jasoten dauenak Publikoaren Saria irabaziko dau.
Promozinorako egindako bideoa hemen.
Info guztia: www.kameratoia.eus
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!