Ohorezko Zidarrezko Maskorra emon deutse SADE Cines enpreseari
2022-09-15 09:11 ZinemeaDonostiako Zinemaldiaren bidelagun izan da lehenengo edizinotik gaur arte.
Donostiako Zinemaldiaren 70. edizinoa hastear dala, hamarkada honeetan guztiotan bidelagun izan dauen enpresa bati gorazarre egin deutse antolatzaileek, SADE Cines ikus-entzunezkoen taldeari hain zuzen. Zinemaldia bera baino zaharragoa da SADE Cines, eta edizino guztietan laguntzaile fina izan da.
2022ko Ohorezko Zidarrezko Maskorra emoteko ekitaldian izan dira José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Eneko Goia Donostiako alkatea. Azken hau jaialdiaren administrazino kontseiluko presidentea be bada. SADE Cinesen izenean, Jose Ramon Aramendi presidenteak hartu dau saria. Han egon dira, ganera, Leopoldo Arsuaga enpresako arduradun ohia; Iñaki Elorza zinema-unidadeko zuzendaria; eta Juan Luque, Javier Iturbe eta Arantxi Aldama zinema-aretoetako langile beteranoak.
Batez be, zinema-aretoen kudeaketan ibili izan da SADE Cines urte honeetan guztiotan. Gaur egun be, Príncipe, Trueba eta Antiguo Berri aretoen jaubea da, 20 pantaila guztira. Zinemaldian, urtero-urtero, zaleen topaleku izaten dira SADEren aretoak, baina urte osoan zinemea ikusteko emoten daben aukereagaitik be saritu dabe.
Sociedad Anónima de Deportes y Espectáculos izenez sortu zan enpresea, hortik dator SADE akronimoa. 1925eko abenduaren 28an hasi zan martxan, Vicente Mendizábal e hijos eta Principe Films enpresek bat egin ebenean. 1953an, Zinemaldiaren lehen edizinoan, SADEren azpiegiturea ezinbestekoa izan zan, baita hurrengo urte guztietan be, gaur arte.
Enpresan denpora luzeena daroenek nabarmentzen dabe Zinemaldiaren historiaren parte izatea harro sentiduteko gauzea dala, eta gomuta ahaztezin ugari ditue, emonaldi-kabinan izar ospetsuakaz egiten diran topaketa personalak, esate baterako, azaldu dau Iñaki Elorzak. Errealizadore gazteakaz ezarten dan lotura berezia da nabarmentzekoa, euren lehenengo lanaren estreinaldian urduri samar jarri ohi diralako. Denporeak aurrera egin ahala, horreetako batzuk zuzendari ospetsu bihurtu dira, adibidez, Pedro Almodóvar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!