'Kontzertua & Proiekzioa' Belodromora bueltauko da
2022-09-13 09:27 ZinemeaHilaren 17an, eguerdiko 12:00etan, zazpi filmetako soinu-bandak interpretauko ditue.
Aurreko edizino bietan pandemiagaitik falta izan ostean, barriro berreskuratu da hitzordu garrantzitsu hau, Euskadiko Orkestrearen, SGAE Fundazinoaren eta Donostia Zinemaldiaren hitzordua; ohikoa izan dan moduan, Zinemaldiko lehen zapatuan, eguerdian edegiko da Belodromoa musikazale, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horreen pelikula-eszenen muntaketea buztartzen dituan ikuskizunerako. Sartzea doban izango da.
Musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotuta dago Belodromoko proposamenen artean eta Zinemaldiko eszenatoki gogokoena da duda barik, 3.000 plaza izango dira. Aurten Juan José Ocón donostiarra izango da orkestra zuzentzearen ardurea zinema eta soinu-banden buztarketa jentetsu honetan.
Aurtengo hitzorduan zazpi filmetarako musikea be izango da: Hautatutako musikagile eta filmak honakoak dira: Alejandro Amenábarren Mientras dure la guerra; Eva Gancedoren La buena estrella; Carles Casesen El portero; Carmelo Bernaolaren Nueve cartas a Berta; Arturo Cardelúsen Buñuel en el laberinto de las tortugas; Aitor Amezagaren La sombra de nadie; eta Manel Gil-Ingladaren Cher ami. Aitatzekoa da, gainera, aurten Nueve cartas a Berta filma Donostia Zinemaldiaren Klasikoak atalaren barruan ikus ahal izango dala.
Kontzertu barri honetarako, Euskadiko Orkestreak Andra Mari Abesbatza gonbidatu dau eta eurak izango dira Buñuel en el laberinto de las tortugas eta La sombra de nadie filmetako musikea interpretetan.
Joan dan urteetan legez, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: Musikea pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzinoagaz buztartuko da 400 m2-ko pantailan eta muntaketa hori Carlos Rodríguezek (Morgancreakoa) sortu dau kontzertu honetarako beren beregi. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.
Sartzea doban da eta nahikoa dozu gonbitea irailaren 16ra arte Donostia Zinemaldiaren Kursaaleko informazino-puntuan jasotea edo Donostia Turismoren bulegoan, 9:00etatik 20:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10:00etatik aurrera.
Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Rochen eretxiz, urteetan zehar, Euskadiko Orkestreak modu askotan parte hartu dau Donostia Zinemaldian. Bere parte-hartze nabarmenetako bat 2012ko edizinoan egin eban, orkestreak mundu osoan ospetsua dan Juan Antonio Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandearen zuzeneko estreinaldian parte hartu ebanean. Hurrengo urtetik aurrera, 2013tik aurrera, orkestrea zuzeneko zinema-musikako kontzertu bat eskaintzen hasi zan, lehenik Miramongo egoitzan eta 2015etik aurrera Belodromoan. Orkestreak Handia, Errementari, Arrugas, Pájaros de Papel, You're the One, Los crímenes de Oxford, Frío sol de invierno, Alatriste, Tadeo Jones 2... lako film luzeen soinu-bandak interpretau ditu. Gainera, nabarmentzekoa da orkestreak Zinemaldiaren sintonia grabau ebala 1991 eta 1992ko edizinoetan. Aurten be Zinemaldiaren sintonia barria grabatu da, Aránzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik sortutakoa eta Óscar Abella Euskadiko Orkestrako tuba bakarlariaren parte-hartzea izan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!