'All the Beauty and the Bloodshed' izan da Urrezko Lehoiaren irabazlea
2022-09-12 09:29 ZinemeaLaura Poitrasen dokumentala nabarmendu da Veneziako 79. Zinema Jaialdian.
Jaialdi handietan ez da ohikoa izaten sari nagusia dokumental bati emotea, baina Veneziako 79. Zinema Jaialdiko epaimahaiak ez dau zalantzarik izan Laura Poitras estadubatuarraren alde egiteko orduan. All the Beauty and the Bloodshed dokumentalari esker irabazi dau Urrezko Lehoia.
Nan Goldin artistearen ibileren barri emoten dau Poitrasek pelikulan, baina biografia hutsa baino, salaketa sozialerako tresnea da. Izan be, Estadu Batuetan opiotik eratorritako sustantzia eta botikakaz dagoan larrialdiaz ohartarazoten dau dokumentalak.
Alice Diop izan da Veneziako palmareseko beste izen nagusia. Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu dau Saint Omer film luzeari esker, baita opera prima-rik onenarena be. Epaimahaiaren Sari Berezia ostera, Jafar Panahi irandarraren Khers nist lanarentzat izan da. Kartzelan dago Panahi.
Palmaresean sartu dira, ganera, Luca Guadagnino (zuzendaririk onena), Cate Blanchett (emakumezko aktorerik onena) eta Colin Farrell (gizonezko aktorerik onena).
Veneziako 79. Zinema Jaialdia abuztuaren 31tik irailaren 10era egin dabe. 23 film lehiatu dira Sail Ofizialean. Epaimahaiko burua Julianne Moore aktorea izan da, eta beste epaimahaikideak Mariano Cohn, Leonardo Di Costanzo, Audrey Diwan, Leila Hatami, Kazuo Ishiguro eta Rodrigo Sorogoyen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!