Busturiak Maite Zubieta zoriondu dau

Bizkaie! 2022-09-07 12:25   Kirola

Nazinoarteko futbolean irabazitakoakaitik.

Busturiako Udalak Maite Zubieta zoriondu dau, aurten 20 urtez azpiko emakumezkoen futboleko munduko txapelduna eta Europako 19 urtez azpiko txapelduna Espainiako selekzinoagaz izan dalako uda honetan eta poztasunez hartzen dau bere herritarren artean eliteko kirolari bat izatea.

Herrian kirola eta bizimodu osasungarria sustatzea Busturiako Udalak lantzen dauen garapen-estrategiaren arlo garrantzitsua da, tokiko kirol-instalazinoak hobetzeko ekimenak aurrera eroanez: Maite Zubieta geure herritarra izatea harro egoteko modukoa da Busturiarentzat. Busturiar baten lorpenak ospatzea beti da pozteko arrazoia, kasu honetan bardintasunaren balio erantsiagaz, futbolean bidea edegi dauen emakume gaztea dalako, azkenean be emakumezkoen futbolari zabaltzen doan kirola. Bestalde, Maite Zubietaren arrakastak be balio handikoak dira Busturiarako, beragaz herriko gazteek amesak jarraitzearen eta lortzearen garrantziaren adibide bat daukielako, ahalegin personala hazteko eta etorkizuna lantzeko bidea dala ikasiz, balorau dau Aitor Aretxagak, Busturiako alkateak.

Maite Zubietaren zaletasuna Busturian hasi zan, mutilekaz jolasten, harik eta ume mailako edadera heldu zanean Gernika Futbol Klubeko taldean sartu zan arte. Gernika Futbol Klubeko bere azken urtean Goi Errendimenduko (R) ligan jokatu eban, mutilen artean altuena, gainera, Bizkaia osoan, neska bakarra izan zan, urte horretan kategoria horretan jokatu eban neska bakarra izan zan.

Kadete mailara heldukeran, neskek ezin eben mutilekaz jokatu eta Athleticek fitxau eban. Seniorrakaz jokatu eban lagunarteko lehen txapelketan, Faduran, jokalari onenaren saria emon eutsen, 15 urte besterik ez zituala. Edade horretan bertan deitu eutson Espainiako selekzinoak eta ordutik ez dau deialdirik galdu, lesinoa izan ebaneko momentua kenduta. Halan da be, COVID dala eta, bertan behera geratu ziran FIFA eta UEFA txapelketa ofizialak. Txapelketea barriro martxan jarri zanetik Maite Zubietak nazinoarteko txapelketak jokatu ditu Espainiako selekzinoagaz, gehienetan titular izan da eta taldeak jokatu dituan guztiak irabazi ditu.

Euskadiko selekzinoak be bere saioetara deitzen dau eta Maitek jokatu eban azkenekoan, Euskadiko selekzinoa, autonomia erkidegoen finalera heldu zan, COVID-aren ondorioz jokatu ez zana.

Maite Zubieta, erdilaria, 2022ko uda honetan Espainiako selekzinoagaz emakumezkoen 20 urtez azpiko munduko txapeldun izentau dabe Costa Rican garagarrilaren 10etik abuztuaren 28ra jokatutako txapelketan. Gainera, Europako 19 urtez azpiko txapelketea irabazi dau, Txekiar Errepublikan bagilaren 27tik garagarrilaren 8ra.

Gaur egun, talde dinamikan dabil Athleticen lehen taldeagaz eta B eta lehen taldearen artean txandakatuko da. Datorren urtean, 19 urtez azpiko Europako Txapelketea jokatzeko aukerea izango dau barriro eta urte bi barru, 20 urtez azpiko munduko txapelketea barriro be.

Athletic Clubek zehaztu dauenez, Maite Zubieta erdiko atzelari be jokatu leiken erdilaria da, zelaiaren eremu handia hartzen dauena. Izakera handiko futbolaria da, ezinbestekoa emakumezkoen filialean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu