XV. Animadeba Nazinoarteko Animazinoko Zinemaldia, irailaren 7tik 10era

Bizkaie! 2022-09-07 10:04   Zinemea

Debako Udalak hasieratik bultzatu eta urtez urte gero eta babes handiagoa lortu dau.

Euskal Herriko animazioaren panoraman ezinbesteko hitzordu bihurtuta, publikoaren, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten topagunea da Animadeba.

Programazinoan ume eta helduentzako animazinoko filmak (film luzeak eta film laburrak) dagoz eta horrez gan, case study (kasu azterketak), aurkezpenak, barriketaldiak, workshop-ak (tailerrak) eta kontzertuak. Sarrerak online www.animadeba.com webgunean eskuratu daitekez edota Kutxa Zurian zinemaldiaren egunetan. Ohiko sarrerearen prezioa 3 euro izango da eta sari banaketakoa, barriz, 8 euro. Bonoak be hartu ahal izango dira, 25 euroan.

Sail bi dagoz Nazioarteko film labur lehiaketan: Sail Nagusia eta Zuzendari Barriak UPV-EHU saila. Munduko 91 herrialdetatik 1.057 film labur jaso dira eta horreetatik 20 lanek hartuko dabe parte aitatutako sail bietan.

Aukeraketa prozesuan 15 debarrek hartu dabe parte, Animadebako programatzaileakaz batera. Aukeratuen artean, produkzinoak bialdu dituen herrialdeak ondokoak dira: Frantzia, Italia, Hungaria, Ingalaterra, Brasil, Rusia, Espainia eta Euskal Herria.

Egun bitan (barikua eta zapatua) erakutsiko ditue Sail Nagusian parte hartuko daben Animazinoko film laburrak: Sail nagusia I eta Sail nagusia II.

Film guztiak jatorrizko bersinoan proiektauko dira, euskerazko azpidatziakaz (Filmazpiten eskutik).

Animadebak atal bat izango dau zuzendari barriei eskainia, Zuzendari barriak UPV-EHU saila. Euskal Herriko Unibersidadearen (UPV-EHU) eta Animadebaren arteko lankidetzeari esker. Unibersidadeak beraganduko dau ataleko irabazlearen saria.

Lehiaketatik kanpo beste film labur batzuk ikusi ahal izango dira Panorama sailean.

Alberto Vazquez zinema zuzendaria, epaimahaikide izateaz gan, Animadebaren aurtengo Gonbidatu Berezia izango da, izan be, Animadeban, haren film laburren atzera begirakoa egingo da, zuzendariaren ibilbideaz berba egiteko barriketaldia egingo baita.

Work In Progress sailaren barruan, 16 proiektu aurkeztuko dira animazinoko film labur eta animazinoko serie kategoriatan.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Euskal animazinoak 50 urte

Animadebak aurten Euskal Animazinoa omenduko dau Euskal Herriko Animazinoaren 50. urteurrena ospatuz. Bertan 1970-2020 urteetan egindako filmak ikusiko dira: 3 saiotan 53 film labur emongo dira, baita animazinoko bideoklipak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu