57. Durangoko Azokako izen-emoteak irailaren 1ean zabaldu dira

Bizkaie! 2022-09-02 07:55   Kulturea

Emon izena hemen.

57. Duragoko Azokako izen-emateak irailaren 1ean zabalduko dira. Hiru izen-emote zabalduko dira: partaideek erakusmahaiak alokatzeko, kultur sortzaileek egitaraurako proposamenak aurkezteko eta ikastetxeek ikasle goizeko tailerretan parte hartzeko.

Kulturearen plazan parte hartu nahi daben argitaletxe, diskoetxe, produkzino-etxe, alkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoproduktoreek irailaren 1etik 30era izango dabe horretarako epea. Egitaraurako proposamenak aurkezteko, barriz, urriaren 15ra arteko epea izango dabe. 

Aurten, abenduaren 7tik 11ra egingo da eta Durango, euskal kulturearen plaza bihurtuko da, kulturzaleen eta sortzaileen topagunea. Bost egunez euskal kulturea eta sortzaileak hurretik ezagutu, kultur produkzinoak eskuratu, euskal giroaz gozau eta euskal kulturea ardatz dala, hartu-emonak eta esperientziak biziteko aukerea izango da.

Horrezaz gan, beste urte batez, online dendeak jarraipena izango dau, parte-hartzaileei salmentarako aukera gehiago eskainiz eta bertaratu ezin diranei erosketak ahalbidetuz. Beraz, aurten be erakusmahaia alokatzen daben eragile guztiek, modu presentzial eta digitalean parte hartuko dabe Durangoko Azokan.

Guneetarako proposamenak

Kultur sortzaileek Azokako guneetara aurkeztu ahal izango ditue euren proposamenak: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia.

Talaian zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira, bai euskera hutsezkoak bai Euskal Herriari zuzenean eragiten deutsezan gaiei buruzkoak be.

Ahotsenean parte hartzeko erispideak honakoak izango dira: 2022. urtean kaleratutako disko edo liburua izatea (poesia, narratibea, ipuin-nobelea, antzerkia edota saiakera literarioa) eta euskeraz izatea.

Irudienean Euskal Herrian azken urtean euskeraz sortutako ikus-entzunezko lanetarako gunea: film laburrak, dokumentalak, fikzinoak, aurkezpenak...

Kabi@ gunea digitalaren plazea izango da eta teknologia barriakaz lotutako aurkezpenak egingo dira: berbaldiak, jokoak, tailerrak...

Saguganbaran ume eta gazteei begirako aurkezpenak atonduko dira: Ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak...

Szenatokian jantza eta antzerki pieza laburrak aurkeztu ahal izango dira. Informazino gehiago: gerediaga@durangokoazoka.eus.

Ikasle Goiza

Aurten, barriro be, Ikasle Goizak presentzialtasuna berreskuratu eta hasierea emongo deutso Durangoko Azokako egitarauari. Abenduren 7ko goizean, Euskal Herriko ikasleek eskaintza zabala izango dabe. Aurten, gainera, ikasleez gan hezitzaileentzako jarduerak be atonduko dira egun horretan eta hori izango da
barrikuntza nagusiena.

Ikasle Goizeko tailerretan izena emoteko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu