Zeanurin ermitarik ermita, naturea eta kulturea buztartuz
2022-09-01 10:55 KirolaIrailaren 3an, zapatuan, izango da Ermiten XXXIII. Mendi Martxea Joko Alai alkarteak atonduta.
Ermiten Mendi Martxea. Ez dira gitxi herri horretan han-hemenka azaltzen diran ermita edota eleizak, guztira hogei. Dana dala, ibilbide osoa egiten dabenek hemeretziren ingurutik igaroko dira, Igiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena -aurten 100 bete ditu- kanpoan geratzen da eta. Zeanurin parrokia bi eta hamazortzi baseleiza dagoz udalerriko zazpi kofradietan sakabanatuta. Eta beste elementu batzuekaz
batera, baseleizak ardatz dira auzuneen nortasunean.
35 kilometroko ibilbidea
Ondare erlijiosoa bisitau eta ezagutuz, aldi berean natureagaz hartu-emonetan jarteko aukera parebakoa eskaintzen dabe ibilbideko hogeta hamabost kilometroek. Urtekerea herriko plazan izango da, eguneko lehen argiak kukurruku egiteaz batera, 07:30ean. Urten eta bost bat minutu geroago Eleizondo auzunean sartzen da ibilbidea, lehenengo, Piedadea izenaz ezagutzen dan baseleizea topauko dogu; oraindino konserbetan dan Erdi Aroko galtzadearen tarte txikia zapalduz eta ermitearen eleizpetik igaroz, atoan, Andra Mari parrokiarekin topo egiten da. Eleizea harro azaltzen da, bere kokaera estrategikotik herrigunea kontroletan dauelako. Barroko estiloko erretaula ederra dauka Andra Marik. Ezin da aitatu barik itxi parrokiaren eta Piedadearen arteko altzairuzko gurutzea, Gorbeiako gurutzearen mendeurrena gogoratzeko 2001ean Nestor Basterretxeak egindakoa.
Eleizondotik ibilbidea Asterria kofradiako lurretan sartzen da, Santi Kurutz baseleizearen bila; Zeanuriko mugen barruan egon arren, eleizaz areatzatarra da. Goranzko jokerari ekinez, Ogarabeiti auzotik Ogaragoiti auzora igoz, San Andresera heltzen gara. Bideari ekinez eta Urrekoatxa (582 m.) mendia ezkerrean itxiz, Zeanuriren eta Dimaren arteko mugarako norabidea hartzen da San Blasera heltzeko. Mugarrietara begiratuz ermitea Dima partean kokatzen bada be, lurra Zeanuriko Ibarguen Kofradiaren jaubetzea da. San Blasetik aurrera bideak beherantz egin eta arnasa hartzeko aukerea emoten dau, Altzuste Kofradiako lurretan sartzera daroan aldatzxari barriro heldu baino lehen. Altzusten ermita bi dagoz zain: San Migel eta Santa Lutzi. Deigarria da San Migeleko kanpaietako batean irakur daiteken idazkuna: En el ambito donde resuene mi voz no triunfarán los liberales. Antza, karlistak edo konserbadoreak izan ziran jaun eta jaube paraje honeetan... 240-N gurutzatuz, Undurraga auzunerantz jarraitzen da Bilbo urez horniduten dauen urtegi bukolikoa eskuinaldean itxita. Arratia ibaia zeharkatu ostean, San Pedrori kuku bat egin eta Ipiñabururantz egiten dau bideak, bertan dagozan eleizea eta baseleiza bien bila: Santiago, San Adrian eta Santa Ageda.
Bigarren parrokia
Santiago Zeanuriko bigarren parrokia da. Bertako bateo agiriak —Derion, Bizkaiko Eleizearen Historia Artxiboan dagozanak— Bizkaiko zaharrenak dira, 1501ekoak hain zuzen be. Santiagotik Santa Agedara eta jarraian Atxondo igaro eta Muñegi aldetik aurrera eginez, estartarik estarta, Zanburuko (789 m.) hatxaren itzalpean jarraitzen da, Altzuako San Juanera heltzeko. Ermita hau XV. mendearen amaierakoa da; hemen egindako indusketa arkeologikoetan epigrafe funerario —baseleizearen barruan gordeten da— topau zan honako idazki honegaz: Zeiani c/m suo ger/mani. Laun/ti In cor/pore suo/ +S+N ob/it (...)/O(...) ER/(...)DCC. Zeanuri herriaren izanari buruzko idatzizko lehen aitamenetako bat da; ganera, kontuan izan behar da gaur egun be zeanuriztarrek, aho-hizkuntzan, Zeani izenaz deitzen deustsiela euren herriari. Altzua kofradiatik Otzerinmendi kofradiara zuzentzen dan pistatik 20 bat minutu ibili ostean, San Justo azaltzen da haresdui zoragarri baten erdian.
Otzerinmenditik plazara
San Justoko haresduia zeharkatuz eta beherantz pare bat kilometro ibili eta gero, San Lontzo azaltzen da. Tradizioaren arabera, Gorbeiaren bestaldean dagoen Orozko herritik ekartzen ei ebezen gorpuak hemen lurperatzeko; jazoera honen lekuko Pagoniotzetako andabidea toponimoa da. Errekatxoagaz topau arte aurbeheran jarraitzen da eta errekatxoa zeharkatzeagaz batera Uribe kofradian sartzen gara; hiru baseleiza dagoz bertan: San Migel, San Urban eta San Pedro, hirugarren hau Axpeko jauregiaren jaubetzea. Jadanik ibilbidea azken txanpan sartzen da eta ibiltariak txiri-txiri zuzenduko dira herriko plazan itxaroten eukiko daben helmugearen bila. Plazan bertan, San Isidro eta bere aurrez aurre dagoan San Antonio ermiten artetik igaro bezain laster helmugea azaltzen da.
Amaitzerakoan, hogeta hamabost kilometro eginda izango ditue parte-hartzaileek, baina segur parte-hartzaileak pozik egongo dira, ondare erlijiosoa ezagutzeaz batera udea udagoien bihurtzen dabilen sasoi honetan natureak erakusten dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukera ezin hobea eskainiko deutsielako Zeanuriko Ermiten XXXIII. Mendi Martxeak.
Zeanuriko Ermiten XXXIII. Mendi Martxea
* Noiz: Irailaren 3an, zapatuan.
* Izena emotea:
- Joko Alaiko bazkideak: nagusiak : 7 € / 14 urtetik beherako umeak: 4 € abuztuaren 31 baino lehenago, dirua sartuz BBK-ko kontu-zenbaki honetan: 2095 0335 29 3830586275.
Nagusiak 9 €.
14 urtetik beherakoak: 5 €.
- Egun berean: 06:45etik aurrera, herriko plazan:
Nagusiak 10 €.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!