Euskal animazinoaren historia da 15. Animadebako ardatza

Bizkaie! 2022-08-31 08:29   Zinemea

Irailaren 7tik 10era, hamar film lehiatuko dira Sail Ofizialean.

San Telmo Museoaren aurrean aurkeztu dabe 2022ko edizinoa (argazkia: Animadeba) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostian aurkeztu dabe Animadeba, Nazinoarteko Animazino Jaialdiaren 15. edizinoa. Irailaren 7tik 10era, lau eguneko egitarau zabalean, animazinozko zinemagintzearen alderdi ugari erakutsiko ditue Debako hainbat aretotan eta bertoko zein kanpoko produkzinoez gozau ahal izango dau publikoak. Aurtengo ekitaldian, euskal animazinoaren historia gogoan hartuko dabe.

Izan be, mende erdia baino gehiago pasau da Euskal Herrian ezagutzen dan lehenengo animazinozko filma egin zanetik. Jose Antonio Sistiaga artistearen De la luna a Euskadi izan zan aitzindaria, 1968an, baina galduta dago. Aspaldiko beste film batzuk ikusi ahal izango dira Animadeban, zaharrena, Rafael Ruiz Balerdiren Homenaje a Tarzán, 1970ekoa.

Danetara, euskal animazinoaren historian ohorezko lekua daben 16 film historiko proiektauko ditue Deban. Juanba Berasategi, Bego Vicario, Jon Garaño eta beste askoren lanak dira. 1970etik 2020ra euskal animazinoak izandako bilakaerearen errepasoa egitea da asmoa.

Sail Ofizialean, ostera, animazinozko hamar film labur lehiatuko dira. Aitor Oñederra jaialdiko zuzendariaren arabera, normalean baino proposamen gitxiago jaso ditu Animadebak aurtengo deialdian, baina, halan eta guzti be, 1.057 pelikularen artean aukeratu behar izan ditue Deban erakutsiko diranak.

Ganera, Alberto Vazquezen omenaldia eta atzera begirakoa dakarz 15. Animadebak. Epaimahai ofizialeko kide izango da Vazquez, Lourdes Villagomezegaz eta Cord Dueppegaz batera.

Aurten lehenengoz egingo dan sail barri batean, ostera, zuzendariak konbidauko ditue proiekzinoetara, euren pelikulez berba egin deien. Fermin Muguruzak, esate baterako, Black Is Beltza proiektuko bigarren zatiaren inguruko azalpenak emongo ditu. Beste hiru film be emongo ditue zuzendariak bertan dirala: El sueño de la sultana (Isabel Herguera), Ur azpian lore (Aitor Oñederra) eta Unicorn Wars (Alberto Vazquez).

Animazinozko zinemagintzearen ikuspegi zabalaz gozau ahal izango da, beraz, Deban. Proiekzinoez gan, egitarauan dagoz berbaldiak, tailerrak eta kontzertuak. Egitarau osoa hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu