Euskerazko film labur bi Nest Saria irabazteko lehian
2022-08-18 12:53 ZinemeaOhiko formatua berreskuratuko dau aurtengo edizinoak.
Zinemagintzea ikasten dabizanek egindako film laburren lehiaketea, Nest, ohiko formatuan egingo dabe barriro aurten, Donostiako Zinemaldiko arduradunek azaldu dabenez. Herrialde eta kontinente ugaritatik heldutako hamahiru film lehiatuko dira, eta tartean dagoz euskerazko lan bi. Beraz, Nest sailaren 21 urteotan lehenengoz egongo dira euskerazko hautagaiak.
Elías Querejeta Zinema Eskoleak aurkeztutako film labur bat da euskerazkoen arteko bat, Mikele Landa Egigurenek zuzendutako Noizko basoa hain zuzen. Bestea EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko ikasle dan Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi da.
Lehiatuko diran ganerako pelikulak Alemania, Brasil, Txina, Kolonbia, Espainia, Estadu Batuak, Frantzia, Japonia, Dominikar Errepublika, Hegoafrika eta Suitzakoak dira. Nest atalean parte hartzeko, 160 eskolak bialdu zituen hautagaiak, 350 film labur guztira, eta Zinemaldiko adituek aukeratu ditue hamahiru lehiakideak.
Tabakaleran proiektauko ditue pelikulak, irailaren 19tik 23ra, eta berbaldiak, klase magistralak eta topaketak be egongo dira Nest sailaren barruan. Nest Sariaren irabazleak 10.000 euro poltsikoratuko ditu.
Talentu barriak bultzatzeko estrategiaren barruan Donostiako Zinemaldiak dauen sailik garrantzitsuenetako bat da Nest, 2002an sortutako atala. Hogei urteko bidean, mila zinemagile gazte inguruk hartu dabe parte lehiaketan zein bestelako jardueretan eta 350 bat film labur ikusi ahal izan dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!