Asier Martinez nafarrak urrea irabazi dau 110 metro hesidunetan
2022-08-18 08:22 KirolaMunichen jokatzen dabiz Europako Txapelketak.
Aurtengo udako emoitza bikainak biribildu ditu Asier Martinez atleta nafarrak Munichen, 2022ko Europako Txapelketetan. Garagarrilean brontzea jantzi eban Oregoneko Munduko lehiaketan, baina oraingoan bera izan da onena, eta marka personala be hobetu dau (13.14).
110 metro hesidunetan irabazi dau urrea Martinezek. Lehenik eta behin, finalaurreko fasean, erraz antzean izan da bere lasterketako onena, 13.25 denporeagaz. Baina barru-barruan daroan onena finalean ikusi ahal izan da. Estu-estua izan da amaierea, epaileek bideoak eta argazkiak berrikusi behar izan ditue irabazlea nor izan dan ebazteko, Pascal Martinot Lagarde frantsesa Martinezen denpora berean sartu da eta.
Ehuneko bakar bategaitik, nafarra izentau dabe irabazle. Zidarra Martinot Lagarderentzat izan da eta, brontzea, Just Kwaouh-Mateyrentzat, hau be frantsesa.
22 urte baino ez ditu Asier Martinezek eta orain arteko bilakaerea baikor egoteko modukoa da: seigarren 2021eko Olinpiar Jokoetan; hirugarren 2022ko Munduko Txapelketan; lehenengo Europakoan. Hurrengo geltoki esanguratsua Paris izango da, hantxe izango diralako 2024ko Olinpiar Jokoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!