Basque Team-eko hogei kirolari Municheko Europako Txapelketetan
2022-08-11 08:38 KirolaHamaika modalidadetan banatuta dago topaketea.
Modalidade ugaritan Europak dituan kirolaririk onenak batuko dira Bavariako Munich urian gaurtik, abuztuak 11, hilaren 21era arte, 2022ko Europako Txapelketetan. 2018an egin eben topaketa honen lehenengo edizinoa, Glasgown eta Berlinen, kirol ugaritako Europako txapelketak ekitaldi bakarrean batzeko asmoz. Besteak beste, atletismoa, txirrindularitzea, gimnasia, piraguismoa eta eskaladea egongo dira Munichen.
Euskal kirolari asko be han izango dira. Basque Team Fundazinoaren babespean hogei joan dira, dominak irabazteko prest. Arraunean, esate baterako, Jorge Pineda eta Virginia Díaz piraguistak lehiatuko dira eta errepideko txirrindularitzan, Ziortza Isasi eta Lourdes Oyarbide. Pistakoan, ostera, Ekain Jimenez, Eukene Larrarte, Jaime Romero, Tania Calvo eta Ziortza Isasi.
Ordezkari gehien atletismoan izango ditu Basque Team-ek: Elena Loyo eta Hamid Ben Daoud (maratoia), Carlos Tobalina (pisu jaurtiketea), Arantza Moreno (xabalinea), Irati Mitxelena (luzera saltoa) eta Maria Vicente (heptatloia).
Piraguismoan lau ordezkari izango dira, hau da, Aitor Gorrotxategi, Begoña Lazcano, Higinio Rivero eta Iñigo Peña. Azkenik, Unai Baigorri (gimnasian) eta Mikel Linacisoro (eskaladan) be Munichen egongo dira egunotan.
Europako 50 herrialdetako ia 5.000 kirolari batuko dituan topaketa misto handia izango da 2022ko Europako Txapelketea, eta Munich zein inguruetako leku enblematikoetan egingo dabe, berbarako, Messe erakustazokan, Olympiahallen eta Olinpiar Estadioan. Hain zuzen be, aurten mende erdia bete da Munichek Olinpiar Jokoak hartu zituanetik. Basque Team-ek azaldu dauenez, danetara, hamabi modalidade eta bederatzi kirol olinpikotan banatuko dira dominak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!