Olivia Newton-John aktore eta abeslaria hil da

Bizkaie! 2022-08-09 08:31   Zinemea

Grease filmekoa da bere lanik ezagunena.

Olivia Newton-John eta John Travolta, 'Grease' filmeko protagonistak | Ikusi handiago | Argazki originala

Haren senideek jakitera emon dabenez, Kaliforniako bere etxean hil da Olivia Newton-John, 73 urtegaz, minbiziagaitik. Kantuan zein film musikaletan ibilia, 1970eko hamarkadearen amaierako eta 1980koaren hasierako sinboloetako bat izan zan, batez be Grease pelikulan egindako lanagaitik. 1978ko musikal horretan Sandy protagonistearena egin eban.

Grease-ko kantuak bere ibilbidean mugarri izan baziran be, lehenagotik ebilen musikagintzan, eta abesti ugari plazaratu zituan (If Not for You eta Let Me Be There, besteak beste). Hollywoodeko izar bihurtu eta gero be ez eban kantagintzea itxi. Ehun miloe disko saldu zituan bere ibilbidean, eta lau Grammy Sari irabazi.

Australian jaioa, 1948an, jaioterrian ekin eutsan ibilbide musikalari, eta Britainia Handian hainbat kontzertu emon eta gero heldu zan Estadu Batuetara. 1992an bularreko minbizia topau eutsien, baina gainditu egin eban, baita bigarrenez agertu jakonean be, 2013an. 2017an, ostera, metastasidun minbizia izan eban, eta harrezkero osasunez makal ibili zan.

Animalien eskubideen aldeko ekintzailea izan zan Olivia Newton-John, eta minbizia topau eutsienetik, ikerkuntza medikoa be bultzatu eban, bere izena daroan fundazinoaren bidez. Bedarrek medikuntzan izan leikien onurea ikertzen be lagundu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu