Frantziako Tourraz gozetan hasi dira bizkaitarrak
2022-08-03 08:28 KirolaDomekan, Tour Eguna Lekeition; eta trofeoa Bilbon dago ikusgai.
Urtebete falta da oraindino 2023ko Frantziako Tourreko lehenengo etapak Bizkaiko errepideetara heldu daitezan, baina munduko lasterketarik ospetsuenaren oihartzunak entzuten hasi dira inguruotan. Aurtengo edizinoa amaitu eta berehala, Tourreko irabazleari emoten jakon trofeoa Bilbora ekarri eben bizikletan, mila kilometroko bidea eginda.
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, jarduera ugari egingo dira hurrengo asteotan, Tourreko giroa herririk herri zabaltzeko. Holan, zaleak prest egongo dira 2023ko garagarrileko etapetarako. Bizkai osoan egingo diran ekitaldion arteko lehenengoa domekan, hilak 7, izango da, Lekeition, Tour Eguna izenburupean.
Tourrak Bizkaian egingo dauen ibilbidea eta lasterketearen historia ezagutzera emoteaz gan, Tour Egunaren helburu nagusia txirrindularitzea sustatzea da, bai kirol alorrean, bai mugikortasunean be; bizikletea eguneroko joan-etorrietarako garraiobidetzat erabiltea bultzatuko dabe familientzako jardueren eta tailerren bidez.
Lekeitioko Tour Eguneko espazioak hainbat gune izango ditu: hezkuntza eta bideko segurtasunaren alorretako ikasgelak; bizikletak konpontzen ikasteko tailerrak; bizikletak probetako eremua; eta inguruko txirrindularitza kluben alkarlekua.
Era berean, praktikak egiteko pistak atonduko dira, 10 urtera arteko umeek bizikletan ondo ibilten ikasi deien eta gaztetxuek proba dibertigarriak egin deiezen.
Lekeitioko hitzordua lehenengoa izango da, baina Bizkai guztian halako 18 antolatzea da Foru Aldundiaren aurreikuspena, 2023ko bagilera arte. Hurrengo herriak La Arena (Muskiz/Zierbena), Sopela, Mungia, Zalla eta Zornotza izango dira.
Trofeoa ikusgai
Beste alde batetik, Parisetik bizikletan ekarritako trofeoa nahi daben herritar guztiek ikusi leikie, Bilboko turismo bulegoan ipini dabe eta (Plaza Zirkularra). Astelehenetik domekara dago zabalik, 09:00etatik 19:30etara. Bilboko Udalaren arabera, doban ikusi leiteke 2023ko Tourreko irabazleari emongo deutsen trofeoa.
Udalak trofeoagaz argazkia egin nahi daben zaleak konbidau ditu turismo bulegora joan eta argazkia sare sozialetan konpartidutera, #GranDépartPaysBasque2023 eta #OngieTOURri traolak erabilita.
2023ko garagarrilaren 1ean hasiko da 110. Frantziako Tourra, Bilbon. Lehenengo etapea, 185 kilometrokoa, urian hasi eta amaituko da. Bigarrena Gasteiz eta Donostia artekoa izango da, eta hirugarrena, Zornotzatik Ipar Euskal Herrira artekoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!