Hamahiru film lehiatuko dira Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko

Bizkaie! 2022-07-29 09:12   Zinemea

Filmak 50.000 euroko sari bat irabazteko lehiatuko dira.

Hamabost herrialdetako hamahiru film izango dira irailaren 16tik 27ra 70. edizinoa izango dauen Donostia Zinemaldiko Kutxabank-New Directors sailean. Aukeratutako lan guztien artean, hamabi opera prima dagoz eta bat, barriz, egilearen bigarren filma da, Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek eta Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendari Ainhoa Arruabarrenak azaldu dabenez.

Jeanne Aslan turkiarra (Sorgun, 1976) eta Paul Saintillan frantziarra (Versalles, 1971) dira beren lehen lana New Directors sailean erakutsiko daben zinemagileetako bi. Alkarregaz zuzendu dabe Fifi / Spare Keys, udan bere lagun baten anaiagaz hartu-emonetan hasiko da nerabe baten istorioa.

Laura Baumeister nikaraguarrak (Managua, 1983) bere lehen filma aurkeztuko dau, La hija de todas las rabias, zabortegi batean bizi dan zortzi urteko neskato baten gaineko kontakizuna. Filma Donostia Zinemaldiaren babesari esker egin ahal izan dau, besteak beste, proiektu onenaren saria eskuratu ebalako VIII. Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan (2019), baita WIP Latam Industriaren saria (2021) be.

Bestalde, Moldaviako Errepublikako Ion Borș zuzendariak (Chisinau, 1990), igaz WIP Europa Industriaren saria eta WIP Europa saria eskuratu zituanak Carbon lehen film luzeagaz, 90eko hamarkadako hasierako Transnistriako gerran girotutako komedia baltz honegaz hartuko dau parte.

Katrine Brocks zinemagile daniarra (Kopenhague, 1989) bere lehen film luzeagaz lehiatuko da, Den Store Stilhed / The Great Silence izenekoagaz. Komentuan anaia bikiaren bisitaldi deserosoa jasoko dauen nobizia gazte bati buruzkoa da.

Frantzian bizi dan Dinara Drukarova aktore errusiarrak (San Petersburgo, 1976) kamerearen atzean sortutako lehen filma aurkeztuko dau, Grand Marin. Gainera, protagonistea be interpretetan dau, dana itxi eta arrantza-ontzi batean Ipar itsasorantz doan emakume bat.

Era berean, Suitzako Carmen Jaquier (Geneva, 1985), Foudre / Thunder film luzeagaz estreinauko da. XX. mendeko hasierako Suitzako emakume baten emantzipazinoaren kontaketea da.

Jeong-sun filma da Ji-hye Jeong zuzendariaren (Busan, 1995) estreinako filma. Fabrikako lankide bategaz ezkutuko hartu-emonetan hasiko dan emakume bati buruzko film honek Koreako Jeonjuko zinema-jaialdia irabazi eban.

Takeshi Kogahara zinemagile japoniarrak (Nagasaki, 1982) be debuteko film luzea ekarriko dau, Nagisa, zorigatxak banandutako anaia-arreba batzuen maitasun-istorioa.

Bestalde, Rocío Mesa zuzendari eta produktoreak (Granada, 1983) New Directors sailean parte hartuko dau errealismo magiko kutsua dauen Secaderos filmagaz, haren fikzinozko lehenengo lana, tabako-lehortegietan girotutakoagaz.

Masahiko Sato (Shizuoka, 1954), Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) eta Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) hirukoteak Miyamatsu to Yamashita / Roleless aurkeztuko dau, zinemako estra moduan be lan egiten dauen teleferiko bateko langile baten gorabeherei buruzkoa.

Parth Saurabh zinemagile indiarrak (Darbhanga, 1993) bere lehen film Pokhar Ke Dunu Paar / On Either Sides of the Pond aurkeztuko dau, pandemiak eragindako zailtasun ekonomikoakaitik Delhitik jaioterrira bueltau behar dauen bikote bati buruzkoa; han, bere erlazinoa hondatzen hasiko da.

Gainera, Josip Žuvan kroaziarrak (Trogir, 1987) Garbura / Carbide debuteko filma aurkeztuko dau. Lagun bereizezin bi ditu protagonista, euren artekoa babestu nahi dabena familia bien arteko gatazken gainetik.

Izenburu horreei guztiei batuko jake Maria Elorzaren (Vitoria-Gasteiz, 1988) lehen film luzea, dagoeneko iragarritako A los libros y a las mujeres canto, liburuak zaintzen dituan emakumeen armada anonimo eta armabakoari buruzkoa.

Hamahiru film horreek eta aurrerago gehituko jakezan beste batzuk, Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Espainian dauen banatzailearen artean. Kutxabank-New Directors saria Kutxabankek babesten dau, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak. Kutxabank-New Directors sariaren epaimahaiak balorau eta saritzen ditu filmok. New Directors saileko filmak Gazteriaren TCM saria lortzeko hautagai be badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osotutako epaimahaiak erabagiten dau.

Donostia Zinemaldiak talentu barrien alde egindako apustuaren adibidea da New Directors baina ez bakarra, izan be, zinemagileen lehen eta bigarren lanak Zinemaldiko ia sail guztietan programetan dira, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen film laburren lehiaketa sailean. Gainera, Tabakaleragaz eta Elías Querejeta Zine Eskoleagaz batera, ikus-entzunezko proiektu barritzaileak babesten dituan eta arte-egonaldien plan bat barrubatzen dauen Ikusmira Barriak programearen buru be bada Zinemaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu