Koldo Izagirreren zinematografia lana eta Antxon Eceizaren biofilmografia aztergai

Bizkaie! 2022-07-13 07:50   Zinemea

Zine-ren hirugarren alearen jentaurreko aurkezpena urrian egingo da.

Desengainuaren kontzeptua behin eta barriro ageri da Espainiako kulturearen testuinguruan. Zinemearen esparruan, idea hori zentzu existentzial hutsetik edo ikuspegi politikotik landu da eta horixe da transizino garaiko Espainiako produkzino nagusietako batzuen ezaugarria. Geurean, diskursoa eta prozesu politikoa bereiztu daitekezan arren, euskal testuinguru kulturalera be heldu zan desilusino eta krisi ideologiko hori eta, horren ondorioz, testuinguru propioko obrak sortu ziran, zenbait kasutan eztabaida gogorren erdian.

Koldo Izagirrek sasoi gatazkatsu hori sinbolizetan daben lan bi sortu zituan: Ke arteko egunak (1989), Antxon Eceizak zuzendua Eceizaren eta Izagirreren gidoi batean oinarrituta; eta, bestetik, Off-eko maitasuna (1992), Izagirrek berak zuzendua. Beñat Sarasola UPV/EHU-ko irakasle eta ikertzaileak lan bi horreek aztertu ditu Zine-ren hirugarren aleko artikulu nagusian, Desengainuaren bestelako gramatika: Koldo Izagirreren azken zinematografia lana (1989-1992) izenekoan. Testuan, Koldo Izagirreren ez-animazinoko zinemea aztertu eta sasoiko beste literatur lan batzuekazin alderatu, zenbait lotura estetiko eta politiko ezarriz.

Bestalde, Antxon Eceizaren bilakaera ideologiko eta zinematografiko nahasia barrikusten dauen dossier bat dago Zine-ren hirugarren alean, zinemagile donostiarraren artxibo personaleko zenbait material argitarabakoetan oinarritzen dana. Material horreek (gidoiak, argazkiak, eskutitzak, ohar blokak, audio zinta magnetikoak eta filmak...) Euskadiko Filmategian dagoz 2021etik. Atalaren izenburua da Ez al duzu ikusten? Dudaz betetako bidaia bat Antxon Eceizaren artxibo personalean barrena (¿No ves o qué? Un viaje dudoso a través del archivo personal de Antxon Eceiza) eta Donostia Zinemaldiko zuzendariorde eta Antonio eta Antxon Eceizaren artean. Zinemea eta politikea (Entre Antonio y Antxon Eceiza. Cine y política) tesiaren egile dan Maialen Belokik eta Zinemaldiko Z365eko Irati Crespok koordinau dabe; biak atal horretako testuen arduradunak dira.

Zine-ren hirugarren alearen jentaurreko aurkezpena urrian egingo da, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroan; Beñat Sarasolak eta Maialen Belokik parte hartuko dabe aurkezpen horretan eta Ke arteko egunak erakustea aurreikusi da.

Call for papers

Zine: Ikerketa zinematografikorako koadernoak ikertzaileen ekarpenei zabalik dagoan proiektua da. Proposamenen aurrehautaketea Batzorde Editorialak egiten dau eta kidekoen kanpo barrikuspena be egin daiteke. Proposamenak helbide honetara helarazo behar dira: zine@zine-eskola.eus. Proposamen bakotxean, 250-500 berbako laburpen bat eta egilearen CV osoa jarri behar dira. EQZEren webgunean dagoz egileentzako jarraibideak.

Zine: Ikerketa zinematografikorako koadernoak Elías Querejeta Zine Eskoleak (EQZE), Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak online argitaratutako argitalpen akademikoa da. Helburua da ikerketa originalak argitaratzea eta ikasketa zinematografikoen arloan espezializautako ezagutzeari ekarpena egitea, diziplinarteko ikuspegia ardatz hartuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu