Euroeskualdeko Telesailen Sariak ikus-entzunezko lankidetzea sustatuko dau

Bizkaie! 2022-07-11 08:03   Zinemea

Sariaren bigarren edizinoan, 6.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak.

Euskadi/Akitania-Barria/Nafarroa Euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzeak, Zineuskadik, Akitania Barria eskualdeak, Akitania Barriko Kultura sailak eta Nafarroako Gobernuak NAEN Euroeskualdeko Telesailen Sariaren bigarren edizinoa aurkeztu dabe. Hiru lurraldeen arteko ikus-entzunezko lankidetzea sustatzea helburu dauen egitasmo honek 6.000 euroko saria emongo deutso proiektu irabazleari.

2021ean sortutako saria Gasteizen emongo dabe aurten, 2022ko irailaren 5etik 11ra gauzatuko dan FestVal telebista-jaialdiaren barruan. Profesionalen epaimahai batek egindako lehen aukeraketearen ondoren, hautatutako 3-6 proiektuek beren telesaila defendiduteko aukerea izango dabe irailaren 9an FestVal-en egingo dan pitching saio batean. Jardunaldi horrek Euroeskualdea izango dau ardatz eta plataformak ugaldu egin dirala jaubetuta hiru lurraldeen artean koproduziduteak ekarri leikezan abantailak izango dira berbagai. Proiektu irabazleak irailaren 10eko galan jasoko dau saria.

Saria jasoteko baldintzak

Euroeskualdeko hiru lurraldeetako batean kokatuta egon beharko dabe hautagaiek eta telesail, miniserie, fikzino, animazino edo telebistarako zein plataformetarako dokumental proiektuak aurkeztu beharko ditue. Proiektuek garapen edo aurreprodukzino-fasean egon beharko dabe; beraz, baztertu egingo dira produkzinoagaz lotutako jarduerakaz hasita dagozanak. Hautagaitzak online baino ez dira aurkeztuko, FestVal-en webgunearen bidez eta garagarrilaren 22ra arte. Informazino guztia Euroeskualdearen webgunean dago eskuragarri.

Ekimen hau Euskadi/Akitania-Berria/Nafarroa Euroeskualdeko ikus-entzunezko sektorea sustatzeko sortu da, bertako industria, talentua, lokalizazinoak, hizkuntzak, historia eta lurraldeko beste aktibo batzuk nabarmentzeko. Horregaitik, proiektuen balio artistikoa eta Euroeskualdeagaz daben loturea hartuko dira kontuan.

Koprodukzino gidea

Euroeskualdeko ikus-entzunezko lantaldeak egindako lanari esker gauzatu da, besteak beste, Euroeskualdearen koprodukzino gidea. Mugaz gaindiko koprodukzinoa gauzatu nahi daben eragileentzat beharrezko informazinoa batzen dau dokumentu horrek: euroeskualdeko gobernu kideen lehentasun nagusiak, zergak bueltetako politikak, laguntza-eremuak, funtsak, sektore-alkarteen kontaktuak, zinema-batzordeen kontaktuak, jaialdietako arduradunen kontaktuak....

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu