54 metroko horma-irudi handi batek Frantziako Tourra girotuko dau Bilbon
2022-07-06 07:45 KirolaSan Mameseko geltokian dago.
San Mameseko geltoki intermodaleko erabiltzaileek horma-irudi barria ezagutu dabe; irudi horrek Frantziako Tourraren eta txirrindularitzearen emozinoa transmitiduten dau eta, aldi berean, 2023. urtean, Grand Départ Pays Basque egingo dala gogorarazo. Urtebete baino gitxiago falta da 2023ko garagarrilaren 1ean Bilbon mundu osoan oihartzun handieneko kirol-ekitaldietako bat egiteko, Bizkaian osorik igaroko dan etapa bategaz.
54 metroko luzerea eta 2,6 metroko garaierea dauen horma-irudi honek zaleek txirrindularitzea zelan bizi daben islatzen dau. Horma-irudiak Bizkaiko hainbat leku zeharkatzen dituan errepidea dakar, besteak beste, Balmaseda, Getxo, Butroe, Bilbo edo Gaztelugatxe. Era berean, Frantziako Tourrean txirrindulari bizkaitarrak protagonista dituen istorio txikiak ezagutarazoteko balio dau izen propioen zerrenda luze bati esker, besteak beste, Vicente Blanco, Francisco Cepeda, Federico Ezquerra, Andrés Gandarias, Fede Etxabe, Iban Mayo, David Etxebarria, Roberto Laiseka, Joane Somarriba, Javier Otxoa, Marino Lejarreta, Julian Gorospe, Jesús Loroño, Dalmacio Langarica, Aurelio González edo Omar Fraile.
BFAk ilusinoa helarazoko deutse herritarrei hurrengo Frantziako Tourraren Euskadiko hiru etapak ospatzeko, izan be, etapa baten hasierea eta helmugea Bilbon izango da eta bestea Amorebieta-Etxanon hasiko da. Olana handi bat jarri dabe Barakaldoko BEC Erakustazokako fatxadan be eta, esangura horretan, Aldundiak Bizkaiko eskualde guztietara eroango dau Tour Eguna, bizikletearen eguneroko erabilerea sustatzeko txirrindularitzearen jaia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!