Antxon Eceizaren oinarri edo ardatz guztiak katalogau ditue

Bizkaie! 2022-07-05 12:54   Zinemea

Zinemagilearen oinarri dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa bateratuta konserbauko da.

Antxon Eceiza (1935-2011) zinemagile donostiarraren oinarri dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa bateratuta konserbatuko da eta komunidade zientifikoaren eskura egongo da Euskadiko Filmategiaren artxiboan. Oraintsu bertan katalogau da material osoa. Eceizaren alarguna zanak, Josefina Rubiok, Errenteria, Pasaia, Hernani eta Andoaingo Udalei oinordetzan itxi eutsen senarraren materiala. 2020an udalek ondarea Euskadiko Filmategian ixtea erabagi eta Filmategiagaz hitzarmen bat sinatu eben; hitzarmen horren arabera, Euskadiko Filmategiak material horreek modu egokian konserbeteaz gan, horreen katalogazinoa egiteko ardurea be badauka.

Filmategiak oinarrizko materiala jaso eta egokitutako artxiboetan gorde zituan. Gero, edukien inbentarioa eta katalogazioa egin eban. Antxon Eceiza Funtsa material bibliografikoez, zinematografikoez eta audioez osotuta dago. Material bibliografikoagaz 257 erregistro sortu dira: Eceizak idatzitako gidoiak, sinopsiak, testuak, gutunak eta artikuluak, hain zuzen be, gehienak mekanografiatuak dira, baina badagoz eskuz idatzitakoak be. Era berean, gidoi barriak atontzeko erabilitako materiala, oharrak eta idea solteak be badagoz. Prentsa artikuluen artean, Antxon Eceizari buruzko testuak, baita etorkizuneko proiektuak lantzeko interesgarritzat joten zituanak be badagoz. Gainera, haren filmografiagaz eta haren ibilbideagaz loturea daben diplomak eta erretratuak dagoz.

Bestalde, 51 audio zinta magnetiko dagoz. Zinta guztiak Eresbilek (Musikearen Euskal Artxiboak) digitalizau ditu, gehienak Ikuska saileko filmeetako alkarrizketen audioek osotzen dabe. Azkenik, sei zine bobina (Super-8mm) dagoz, guztiak Ikuska sailaren filmetako irudiakaz eta baztertutako eszenakaz.

Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zinema Eskoleak lankidetza oso aktiboa izan dabe prozesua hasi zanetik, Filmategiak Eceiza Funtsa modu bateratuan gorde ahal izateko egindako kudeaketetan. Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariaren eretxiz, Eceiza zinemagile, teoriko eta gure zinemagintzearen bultzatzaile izateak dauen garrantzia kontuan hartuta, lehen mailako iturriak ikertzaileentzat eskuragarri jartea urrats garrantzitsua da euskal zinemearen historia hobeto ezagutzeko. Euskal ondare zinematografikoa babesteko erakundeen arteko lankidetzearen adibide ona be bada.

Euskadiko Filmategiaren egoitzan konsultau daiteke dagoeneko Antxon Eceiza Funtsa, aldez aurretik hitzordua eskatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu