Donostia Zinemaldiak 70. urteurrenari buruzko erakusketa handia inaugurau dau

Bizkaie! 2022-07-05 07:50   Zinemea

'Imajinatu Zinemaldia' irailaren 24ra arte egongo da zabalik.



Donostia Zinemaldiak bere 70. edizioa egingo dau irailaren 16tik 24ra eta urteurren hori ospatzeko, erakusketa handi bat inaugurau dau Tabakaleran, Zinemaldiaren egoitzan. Tabakalerak Donostiako Udalagaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera atondua, «Imajinatu Zinemaldia» erakusketa zinema-industriari, komunikabideei, zinema-aretoei, uriari berari eta, jakina, edizinoz edizio aretoak beteten dituen ikus-entzuleei egindako omenaldia da.

Ikus-entzunezko instalazinoen bidez Zinemaldiaren historiako jazoera gogoangarri nagusiak erakutsiko ditue. Morgancreako Carlos Rodríguez eta Asun Lasarteren kontzeptuaren arabera, persona guztiok protagonista gaituen obra kolektibo lez aurkeztu dabe erakusketea. Morgancrea etxea da, hain zuzen, erakusketa horren komisarioa eta hogei bat pantailaren bidez 150 minututik gorako edukia batzen daben ehunka bideo erakusten dira bertan.

Erakusketea diseinau dabenakaz batera, Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek, Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok hartu dabe parte aurkezpenean, erakusketan lagundu daben erakundeen izenean.

Hasiera-hasieratik egon da Zinemaldian alfonbra gorria eta gidari izango da erakusketan. Danetara, 200 metro alfonbra baino gehiago erabili dira; bisitarien buruen gainetik eskegita dago tarte batzuetan alfonbra eta hainbat modutan ibilteko moduko bide bat.

Nestor Basterretxea plazatik beheko pisuko plazara sartuta, bisitau ahal dan lehen instalazinoa (Ikus-entzuleak) horreei eskainitako zortzi pantaila dituan gunea dago. Batetik, alfonbra gorrian, zinema-aretoetan eta Zinemaldiaren etapatan ibilbide bat egitea proponiduten deusku eta, bestetik, herritarrek erakusketara bialdutako erretratuak erakusten ditu, lehiaketearen deiari erantzunez: hainbat erretratu eta selfie dira, izen eta abizenak ditue eta Zinemaldira sarri joaten diran personek beren garaian atara zituen, hainbat izar eta persona ospetsugaz batera.

Lehenengo solairura daramaten eskailerak Media instalaziora iristen dira. Idatzizko lan, elkarrizketa, argazki eta ikus-entzunezkoen bidez Zinemaldia nazioartean zabaltzen eta haren memoria gordetzen lagundu duten komunikabideen eginkizuna du ardatz instalazio horrek. Liburu edo egunkari handi bat izango balitz bezala, azken 70 urteotan Donostian izan ditugun pertsona ospetsu interesgarrienetako batzuen irudi, titular eta adierazpenen hautaketa bat erreproduzitzen dute bi pantaila bertikal handik instalazio horretan.

Lehen pisuan, korridore luze batek Photocall formea hartzen dua, eta 24 x 4 metroko pantaila erraldoi bat da instalazino horren protagonista nagusia. Pantaila horren gainean, bost proiektoretatik aldi berean emondako irudiak erreproduziduten dira. Gune magiko horren alfonbra gorritik, holan, ibili ahalko dira bisitariak, Zinemaldia azken zazpi hamarkadotan bisitau daben 800 persona entzutetsu baino gehiago ikusteko. Denpora-tunel honen edukiak modu kronologikoan aurkezten dira eta, beraz, distantzia jakin batera kokatuta, ikus-entzuleek aldi berean eta mobimentuan ikusiko ditue, besteak beste, Gloria Swanson, Kirk Douglas, Audrey Hepburn, Harrison Ford, Bette Davis, Robin Williams eta Brad Pitt.

Azkenik, korridorearen atzealdean, gortina batek azken gelarako sarbidea emoten dau. Zinea izeneko instalazinoa dago bertan, zinema-areto handi legez sortua; bertan, pantaila sinkronizatuek Zinemaldiaren historiako momentu ikonikoenak gogoratzeko aukerea emoten dabe.

Batetik, ezkerraldean, momentu ahaztezinak rakusten dituen hiru pantaila handi dagoz: Sophia Loren, Liz Taylor, Bette Davis, Denzel Washington edo Bradley Cooper artisten harrera jentetsuak, John Travolta Kontxa pasealekuan paseoan, Star Wars eta The Mask of Zorro filmen estreinaldiak, Penélope Cruzek U2 taldearen lider Bonoren eskutik Donostia Saria jaso aurretik izan eban ezustekoa...

Bestalde, aretoaren erdian eskekitako kubo bik Rafael Moneok diseinautako Kursaal eraikineari keinu egiten deutse: kubo horreen aldeetan zortzi gaigaz lotutako irudiak emoten dira, besteak beste, ondokoakaz lotutakoak: uriko zinema-aretoak, Zinemaldiko epaimahaiak, sariak, antolakuntza eta talentu barriak.

Azkenik, maskorrak –lehiaketearen bereizgarri grafiko nagusiak– izandako bilakaerea erakusten daben saio bi dagoz ikusgai erakusketan, baita 70 edizinoetako kartel ofizialen animazino bat be eta ukipen-pantailen bidez Zinemaldiaren historian zehar nabegetako aukerea emoten deuskun mediateka bat be, erreportajeak, alkarrizketak, sari-banaketak, entzute handiko personak eta filmak ezagutarazoz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu