Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Arloko Lanbideetan sartzeari buruzko legea gehiengo zabalak onartu dau
2022-07-01 10:10 KirolaEusko Jaurlaritzeak poza agertu dau.
Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko legea, 2021eko urtarrilaren 13an aurkeztu eben Legebiltzarrean EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek, Lege-proposamen modura eta gaur onartu da behin betiko Eusko Legebiltzarrean. Legearen ibilbidea, baina, lehenagokoa da: Eusko Jaurlaritzearen Gobernu Kontseiluak birritan (X. eta XI legealdietan) onartu ebalako Lege-proiektua Gobernu Kontseiluan. Beraz, Eusko Jaurlaritzeak poza agertzen dau hainbat urteko lanaren ondoren Euskadin kirol eta jarduera fisikoaren lanbidea arautuko dauen lege bat izango dogulako. Onarpen hau Eusko Jaurlaritzeak XII. Legealdiko Gobernu-Programan eta Lege-egutegian urrats bat gehiago da.
Lege honen helburua da kirolaren esparruko hainbat lanbide-jarduerari buruzko oinarrizko alderdiak arautzea, horreetan ibiltekoo beharrezko kualifikazinoa zehaztuz. Onartutako legeak honako lanbide-jarduerak arautuko ditu: Gorputz Hezkuntzako irakasleak, kirol-monitoreak, entrenatzaileak eta, azkenik, kirol-zuzendariak. Legearen eragin esparrua txapelketen eta kirol federatutik harago doa, jarduera fisikoa eta kirol jarduera bere osotasunean ulertuz. Euskadin 20.000 persona inguruk egiten dabe lan aitatutako lau esparruetan.
Lanbideok gero eta eragin handiagoa dabe gizartean eta legeak ahalbidetuko dau araututako lanbideetan jarduteko beharrezko kualifikazinoak zehaztea, lanbide bakotxari jagokon jarduera-eremu orokorra izentauta.
Legearen barritasunen artean dagoz, besteak beste:
· Kirolagaz lotutako lanbideetan jardun ahal izateko ez da ezinbestekoa izango goi mailako hezkuntzako titulu akademiko bat izatea, eta lanbide horietan jardun ahal izango da dagozkion kualifikazioak hainbat mailatako titulu akademikoen bidez edo profesionaltasun-ziurtagirien bidez ere frogatuta.
·Arlo honetako lanbideen garrantzia azpimarratzen dau legeak, batez be gizarteak dituan sedentarismo-arazoak kontuan hartuta eta aparteko protagonismoa emoten deutse jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien esparruko unibersidade-prestakuntza zehatzei.
· Jarduera fisikoa eta kirola egitean sor daitekezan arrisku egoerek eskatzen dabe sektore honetako profesionalek kualifikazino egokia izatea eta helburu horri erantzuten deutso legeak.
Alorrez alor, ondokoak dira arautuko diran esparruak:
· Gorputz Hezkuntzako irakasleei buruzko hezkuntza-legedia osotuko dau legeak. Kasu honetan, Hezkuntzeari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari jarraituz araututatako lanbidea da. Halan da be, Legeak lehen sorospeneko gitxieneko prestakuntzea izatea eskatuko deutse irakasleei, bihotz-biriketako bizkortzean, ikasleen segurtasuna bermatzeko.
· Kirol-monitoreen lanbidea autortzen eta arautzen dau legeak; lanbide honetan lehiaz kanpoko eremuak eta jarduera-multzo zabala dagoz: aerobikeko edo pilateseko gimnasioko monitorea, eskolaz kanpoko kirol anitzekoa, natura-eremuko abentura anitzekoa, surfeko monitorea, uger egiten irakastekoa edota ur zakarretako piraguismoko gidaria. Jarduera horreetako bakotxak eskakizun zehatza betetea eskatuko da (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduatua, Jarduera Fisikoko eta Kirol Jardueretako Animazinoko goi mailako teknikaria, profesionaltasun-ziurtagiria...).
· Lehiaketako kirol-entrenatzaileen eremua be arautzen da. Jarduera honek be errealidade ugari barrubatzen ditu, eskola-kirola zein errendimendu handiko kirolak. Legeak, beraz, errealidade horreetako bakotxa zehazten dau. Kirol-jarduera horretan dabizenen formazino-etapak eta kirolaren ezaugarriek baldintzatuko dabe zein titulazino edo ziurtagiri behar diran.
· Kirol-zuzendariaren lanbidea, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak lanbide-jardunean aplikau behar dituen kasuetan, arautzen dau legeak. Lanbide horrek zuzendaritza, programazino, plangintza, koordinazino, kontrol eta gainbegiratze teknikoakaz lotutako jarduera profesionalak egitea ahalbidetzen dau. Kasu honetan jarduera-esparruaren araberako titulazinoa beharko da: ikastetxe bateko eskola-kiroleko koordinatzailea, kirol-alkarte jakin bateko koordinatzailea, alkarte federatu bateko kirol-zuzendaria edo fitness-zentro bateko ur-jardueretako koordinatzailea.
· Bolondres modura lau esparruetan dabilenaren jarduerea be arautzen dau legeak.
· Hizkuntzeari jagokonean, zerbitzu publikoen esparruan gitxienez B2 hizkuntza-gaitasun mailea egiaztatu beharko da lanbidera lehen aldiz sartzen diranen aldetik, funtzino publikoaren araudian beste gaitasun-mailarik ezartzen ez danean eta jagokozan indize soziolinguistikoek hola eskatzen dabenean, nahitaez bete beharreko indarrean dagoan araudiari jarraituz.
· Genero ikuspegiari jagokonean, legeak ezartzen dau soldatea-parekatzeko eta emakumeen ordezkaritza txikia dan jarduera fisikoko eta kiroleko lanbideetan euren presentzia handitzeko neurriak ezarri beharko dirala.
· Legeak ezartzen dituan betebeharrak modu progresiboan ezarriko dira. Adibidez, kualifikazino egokiak 2026tik aurrera eskatuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!