Bilbon hasiko dira Eusko Label eta Euskotren ligak garagarrilaren 2an
2022-06-28 12:21 KirolaEmakumezkoen kategoria 17:40an hasiko da eta gizonezkoena 18:13an.
Itsasadarra izango da XIII. eta IV. Bilboko Bandera – Bandera Bilbao estropeadaren agertokia. Eusko Label Ligako hogeigarren denporaldiaren eta Euskotren Ligearen hamalaugarren denporaldiaren inaugurazino jardunaldian.
Eusko Label Ligeak eta Euskotren Ligeak denporaldiari ekingo deutse datorren zapatuan Bilboko uretan. Lehiaketa bietako egutegian ezinbesteko jardunaldia da Bilboko erlojupekoa eta denporaldi honetan lehiaketa bien lehenengo jardunaldia izango da.
Bilboko udaletxean aurkeztu ditue estropadak eta hor izan dira Itxaso Erroteta, Bizkaiko uriburuko Gazteria eta Kirol zinegotzia eta Pedro Olmedillo, ACTko Zuzendaritza Batzordeko idazkaria.
Errotetak Bilboko Udalak arraunagaz dauen konpromiso sendoa azpimarratu dau, kirol estrategiko eta herri kirol legez. Zinegotziak, gainera, ondokoa azpimarratu dau: Bilborentzat harro egoteko modukoa da maila goreneko lehiaketa honek hasierea emotea gure itsasadarreko uretan. Azkenik, Errotetak gogoratu dau datorren garagarrilarenn 2ko hitzordua gure kirol tradizinoz, historiaz eta nortasunaz gozetako aukera parebakoa dala.
Bestalde, Olmedillok ondokoa azpimarratu dau: Pozgarria da Eusko Label Ligako hogeigarren denporaldia Bilbo lako estropada-eremu batean hastea, uriaren erdialdean, itsasadarraren ikusgarritasunagaitik eta uriko eraikin esanguratsuenakaz. Gainera, ilusinoz beterik agertu da barriro Fan Zonea izango dalako, urte bi joan ondoren holakorik barik zaleei eskainitako gunea berreskuratu dalako, estropadeari kolore handia emonez.
Garagarrilaren 2ko jardunaldia 17:40an hasiko da, Euskotren Ligako lau trainerugaz eta tartean izango da lehenengoz Tolosaldea. Erlojupekoa udaletxearen parean hasiko da eta Deusturaino joango dira traineruak, uriko leku esanguratsuenetatik igaroz, Zubizuriko zubia eta Guggenheim Bilbao Museoa, besteak beste.
18:13ean, barriz, gizonezkoen lehiaketeari hasierea emongo jako, lau traineruko hiru txandatan banatuta. Lehen txandan izango dira Eusko Label Ligara bueltau barri dan Kaiku Berez Galanta, Getariako Arraun Alkartearen debuta, Lekittarra Elecnor eta CR Ares. Bigarren txandan, CR Cabo da Cruz, Ondarroa Cikautxo, Bermeo Urdaibai eta Zierbena Bahias de Bizkaia izango dira eta ohorezko txandan Amenabar Donostiarra UK 100, Orio Orialki, Matrix Hondarribia eta Itsasoko Ama Sotera.
Bigarren hitzordua
XIV Bandera Fabrika estropadea domekan, Donostian, jokatuko da, garagarrilaren 3an, 12:13an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!