Vitoria-Gasteizek bat egin dau Mugiment Kirol Txartelagaz
2022-06-27 13:35 Kirola72 udalerri dagoz Mugiment Kirol Txartelari atxikita.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzearen bozeroaile Bingen Zupiriak eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean aurkeztu dabe, Zabalganako auzo etxean, Gasteiz Mugiment Kirol Txartelagaz bat egitea.
Mugiment Kirol Txartelaren helburua bikotxa da: batetik, baliabide publikoen kudeaketea hobetu eta, bestetik, herritarrei kirol eskaintza handiagoa eskaini.
Txartel birtual honen bidez, ia 89.000 gasteiztar sartu ahal izango dira Mugiment Kirol Txartelera atxikitako beste 71 udalerritako kirol-instalazinoetara. Hori guztia, erabiltzaileentzat ezelako kostu barik, izan be, instalazinoetara doban sartu ahal izango dira eta ikastaroetarako edo kantxak, pistak edo zelaiak erreserbetako abonautako personen tarifak izango ditue.
Aurkezpenean, Zupiria sailburuak ondokoa azpimarratu dau: Udalek ekimen honetan daben zeregina nabarmendu behar da. Udalek kudeatzen dabe Euskadin kirolari eskaintzen jakon gastu publiko gehiena eta horregaitik dira gure aliatu nagusiak bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko orduan, kasu honetan, kirola egitean oinarrituta. Eta hori da Mugiment kirol txartelaren helburua. Herritarrei kirol-eskaintza handiagoa eskaini nahi deutsegu, bizi diran, lan egiten daben edo momentu horretan bizi diran udalerrian kirola egin ahal izan deien. Eta, era berean, baliabide publikoen kudeaketea hobetu nahi dogu.
Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazo dauenez, Mugiment Kirol Txartelagaz bat eginda, Gasteizko udal kirol-instalazinoetako abonatuek Euskadiko beste 71 udalerritan egin ahal izango dabe ariketa fisikoa, euren kirol-instalazinoetara sartuta. Uri honentzat jarduera fisikoa sustatzea da bizitza osasuntsu baterako oinarrizko pieza eta balioetako bat. Eta ekimen honek, hain zuzen be, kirol-instalazino eta praktika gehiago eskainiz bat egiten dau helburu horregaz. Gainera, baliabide publikoak hobeto kudeatzea lortzen da, kirol-azpiegituren erabilerea optimizauta. Mugiment Kirol Txartelagaz danok irabazten dogu.
Atxikipena garagarrilaren 1ean gauzatuko da eta Vitoria-Gasteizko instalazinoak Zabalgana gizarte-etxeko estalpeko ugerlekua eta jarduera fisikorako aretoa eta Abetxuko, Lakua 03 eta Adurtzako frontoiak dira. Irailaren 1etik aurrera instalazinoa eta ekipamendua gehiago gehitu ahal izango dirala aurreikusi dabe.
110.000 erabilera baino gehiago
Gaur egun, Vitoria-Gasteizegaz batera, 72 udalerri dagoz Mugiment Kirol Txartelari atxikita: Bizkaiko udalerri guztiak, Gipuzkoako 21 eta Laudio, Amurrio eta, orain, Vitoria-Gasteiz, Araban. Ondokoak dira atxikitako udalerriak: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Arrasate Aretxabaleta, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Amurrio, Laudio, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa, Getaria, Amorebieta-Etxano, Bilbao, Azpeitia, Orio, Urduliz, Zumarraga, Derio, Legazpi, Abadiano, Larrabetzu, Getxo, Gorliz, Galdakao, Beasain, Ondarroa, Ordizia, Lezo, Orozko, Zalla, Güeñes, Igorre, Leioa, Balmaseda, Urretxu eta Maruri, Orduña eta Vitoria-Gasteiz.
Vitoria-Gasteiz sartuta, 400.000 abonatu dagoz programearen onuradun, 124 kirol-instalazinoz eta ia 1.000 jardueraz gozetako.
2017an Mugiment Kirol Txartela martxan jarri ebenetik, 110.000 erabilera baino gehiago izan ditu. Erregistrautako erabileratzat hartzen da eurena ez dan udalerri batetik proiektuari atxikitako beste udal-kirol-instalazinoetako batera kirola egitera joaten dan erabiltzaile-kopurua.
Mugiment Kirol Txartelaren zerbitzuak erabilteko baldintza bakarra da atxikitako herrietako udal kirol zerbitzuetan abonautakoa izatea. Dobakoa eta birtuala danez, Interneteko konexinoa dauen gailu mobikor bat baino ez da behar Mugiment Kirol Txartelaren aplikazinoa deskargetako. Google Play-n eta App Store-n dago eskuragarri. Deskargau eta instalau ondoren, erregistrau egin behar da eta datu personalak, helbide elektronikoa eta NANa emon behar dira, zein kirol erakundeari ordaindu edo abonau jakon adierazoz. Jagokion erakundeko kide dala egiaztatu ondoren, jakinarazpen bat jasoko da eta Mugiment Kirol Txartela erabilten hasi ahal izango da. Erabilera edo sarbide bakotxean, erabiltzaileak txartel digitala erakutsi beharko dau gailu mobikorrean, NANagaz batera eta kirol-instalazinoaren arduradunak egiaztapen-kode bat jarriko dau erabiltzailearen gailuan eta instalazinoan sartzeko aukerea emongo jako.
Ekimenari atxikitako herri bakotxak bere zerbitzu eta ordutegi eskaintzea ezarri dau Mugiment Kirol Txartela dabenentzat. Kiroldegi bakotxean konsultau daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!