David Cronenberg sarituko dau Donostiako Zinemaldiak
2022-06-24 12:44 ZinemeaIrailaren 21ean emongo deutse Donostia Saria, Victoria Eugenia Antzokian.
Donostia Saria David Cronenberg zuzendari eta gidoigile kanadarrari emongo deutso 70. Donostiako Zinemaldiak, irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian egingo dan galan. Azken mende erdiko zinemagile berezienetako baten ibilbideari autortzea egitea da asmoa, Zinemaldiko arduradunen esanetan.
Cronenbergek mundua ikusteko dauen modua bakarra da, eta horrek lagundu deutso film ikoniko ugari sortzen. Hogei film luze zuzendu ditu kanadarrak, genero ugaritakoak, zientzia fikzinoa, bildurrezkoak, thriller psikologikoak eta beste. Telebistarako lanak be egin ditu.
Donostiako Zinemaldian lehenago be kontuan izan dabe Cronenbergen obrea. 2004an, Incorrect@as atzera-begirakoan sartu eben haren Crash filma (1996koa). 2007an, ostera, Cronenberg bera etorri zan Gipuzkoako uriburura, Eastern Promises Sail Ofizialean aurkezten.
Oraingoan Donostia Saria hartzea egokituko jako, baina ez da esku hutsik etorriko. Izan be, aurten bertan estreinautako Crimes of the Future filma aurkeztuko dau Victoria Eugenia Antzokiko saioan, saria hartu eta gero. Viggo Mortensen, Léa Seydoux eta Kristen Stewart dira pelikulako protagonistak eta Cannesen lehiatu zan.
David Cronenberg (Toronto, 1943) pianista baten eta idazle baten semea da, eta liburu eta komikiz inguratuta hazi zan. Hortxe ezarri zituan bere kultura zinematografikoaren oinarriak. Autodidaktea, film laburrak egiten hasi zan –esaterako, Transfer (1966) eta From the Drain (1967)– baita film luze esperimentalak be (Stereo 1969an, Crimes of the Future 1970ean, aurten aurkeztu dauen filmaren izenburua dauena). Hasieratik nabarmenak dira Cronenbergen filmografiaren ezaugarriak: gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazino zientifikoa...
Gai horreetan oinarrituta sortu zituan Shivers (1975), Rabid (1977) eta The Brood (1979). Enkarguz egin eban, ostera, Fast Company (1979), zinemagintzarik erradikalenean kokatu eben lan bi zuzendu baino lehen: Scanners (1981) eta Videodrome (1983). The Fly (1986) lanean intsektu bihurtzen dan zientzialari baten istorio itogarria kontau eta gero, Jeremy Irons aktorea izan eban bidelagun Dead Ringers (1988) eta M. Butterfly (1993) lanetan.
Idazle ezagunen liburuen moldaketak egiteagaitik be ezaguna da Cronenberg, esate baterako, Stephen King –The Dead Zone (1983)–, William Burroughs –The Naked Lunch (1991)– eta J. G. Ballard –(Crash (1996)–. Bestetik, eXistenZ (1999) filmagaz errealidade birtualean sartu zan. XXI. mendean, baina, zientzia fikzinotik eta fantasiatik pixka bat urrundu zan, eta horren emoitzea dira A History of Violence (2005), Eastern Promises (2007) eta A Dangerous Method (2011).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!