Bide barri bi zabaldu ditue Pou anaiek Peruko Urus Mendietan
2022-06-24 08:17 KirolaMendebaldeko Urus III tontorrera heldu diran lehenengoak dirala uste dabe.
Aurreko egunak oparoak izan dira Eneko eta Iker Pou anaia eskalatzaileak Peruko Mendikate Zurian egiten dabizan espedizinoan. Euren sokakide Micher Quitogaz eta Alex Estradaren kamarea lekuko, bide barri bi zabaldu ditue Urus Mendietan, orain arte ia inork esplorau ez dauen lekuan.
Mendebaldeko Urus mendiaren Beheko Kanpalekua 4.900 metroko altueran dago eta sei ordu behar izan zituen hara heltzeko. Behin han, erreferentzia gitxi eta abentura asko topau ditue Pou anaiek eta Micher Quitok, ibilbide asko ia hutsetik asmau behar izan ditue. Pozik dagoz, baina, horretara joan diralako, hain zuzen.
Lehenik eta behin, Mendebaldeko Urus tontor nagusia (5.450 m) zapaldu dabe, zortzi orduko igoera ikaragarriari esker, -15º-eko hotzagaz. Zortzi ordu eta erdi behar izan ditue. Hanan Pacha izena emon deutse bideari, Inken jainkoen omenez. Pou anaien esanetan, 90º eta 450m dira bide tekniko horren ezaugarriak.
Denporarik galdu barik, bigarren helburua be laster heldu da, Mendebaldeko Urus III tontorra (5.270 m). Zazpi orduko lana izan da, izotzezko orratzen artean, eta Emmoa izena emon deutse bideari. Ezaugarriak, M.6/75º/640 m.
Bidea zabaltzeaz gan, Pou anaiek uste dabe eurak eta Micher Quito izan dirala Mendebaldeko Urus III tontorrera igon daben lehenengo gizakiak. Bidean ez dabe aurreko eskaladen arrastorik topau, dokumentazinoan be ez da ezer aitatzen eta, Huaraz urira bueltan, inork ez dau aurreko igoeren barri.
Deskantsau egin behar dabe orain Pou anaiek, ahalegin handia egin dabelako aurreko aste bietan. Hamabost egunean, Aupa Gasteiz bidea zabaldu dabe, Huarapasca tontorra igon (5.418 m) eta Urus Mendietan bide barri bi zabaldu. Momentu larriak be izan ditue, esate baterako, Emmoa bidean gora, izotz zati batek Eneko Pou jo dau arpegian eta zauria eragin deutso. Zorionez, aurrera egiteko moduan izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!