Kepa Junkera izango da protagonista 'Berpiztu' dokumentalean

Bizkaie! 2022-06-23 09:42   Zinemea

Musikariaren ondarea berrikusi eta gaur egun sortzen dabilena erakutsiko dau Fermin Aiok.

Kepa Junkera, 'Berpiztu' dokumentalean | Ikusi handiago | Argazki originala

2018ko abendutik oholtzatik kanpo dabil Kepa Junkera musikari bilbotarra, iktus batek bere ibilbidea eten ebalako. Horrek ez dau esan nahi, baina, Junkerak musikea alboratu dauenik, ikertzen eta sortzen segitzen dau, urte biko errehabilitazino gogorraren ostean barriro bere talentua erabilteko modua dauen ezkero. Fermin Aio zuzendariak, beraz, Kepa Junkeragana jo dau, eta Berpiztu (Barton Films) dokumental luzea aurkeztuko dau laster.

Kepa Junkeraren ondarea berreskuratzeko ahalegin honetan, musikariaren eta haren familiaren laguntzinoa izan dau Aiok. Oliene baserrira joan zan dokumentalaren zuzendaria, eta hango armairu batean topau eben artxibo dotorea erabili dau, besteak beste.

Bestetik, Kepa Junkeragaz lan egin daben artista ugariren lekukotzak be batu ditu Aiok. Mundu osoan ibili da zuzendaria, Junkerak be kontinente guztietan topau zitualako bidelagunak. Esate baterako, Ara Malikian, Santiago Auseron, Pablo Milanes, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak entzungo doguz dokumentalean berbetan.

Junkeraren ibilbide oparoa berrikusiko dau Aiok film luze honetan, urteetako lanari gaur egungo begiakaz begiratuta. Baina musikaria orain zertan dabilen be kontauko deusku. Izan be, Aioren esanetan, beti ezaugarri izan dauen erupzinoan sartzear dagoan sumendiaren indar horri eusten deutso oraindino. Errehabilitazinoaren momenturik txarrenak pasauta, proiektu barriak sortzen hasi da barriro.

Egunero-egunero egiten dauen ahalegina eta bere ondare oparoari eusteko burrukea be erakutsiko ditu dokumentalak. Birgaitze prozesuan, bere ondarea ordenatzeko ahaleginean eta barriro presente izateko saiakeran transmitiduten dauen emozinoa atzemotea izan da Aioren helburuetako bat. Ondare musikalaz ez eze, osasunaz be berba egiten dau Berpiztu-k.

Dokumentala udagoienean aurkeztea da Barton Films etxearen aurreikuspena. Ganera, Aioren filmagaz batera, liburu bat be argitaratuko dabe, hori be Berpiztu izenburuduna.

Sinopsia

Kepa Junkerak agertokitik urten eban Ganten, Belgikan, 2018ko abenduaren 5ean. Desagertu egin zan, akordeoia joteari itxi eutsan. Albisteek iktus bati buruz berba egiten eben, larrialdietako ospitaleratze bati buruz, osatze-prozesuari buruz eta, ondoren, ezer ez. Euskal artistak euskal trikitia eta herri musikea maila gorenera igon zituan, 30 disko baino gehiago argitaratuz eta 100 kolaborazino baino gehiago eginez, 40 urteko ibilbidean zehar. Autore autodidaktea, euskal musikaririk nazinoartekoena bihurtu zana eta mundu osoko artistak euskeraz abestera gonbidatu zituana, arrastorik itxi barik desagertu zan.

Ondoren, urte biko errehabilitazino-saioak heldu ziran, gorputzaren mobikortasuna berreskuratzeko, berba egiten ikasteko, eskuak mobgitzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko. Kepak bizitzen jarraitzen dauelako, sortzen jarraitzen dauelako, arteagaz hunkitzen, musikeagaz, poesiagaz, pintureagaz, argazkigintzeagaz.

Dokumental honek zizarra horren kontakizuna jasoten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu