Donostia Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko deutso Claude Sautet frantziarrari

Bizkaie! 2022-06-15 13:00   Zinemea

Euskadiko Filmategiagaz lankidetzan, liburuen bilduma barria aurkeztuko dabe aurten.

Donostia Zinemaldiak atzera begirako bat eskainiko deutso Claude Sautet (1924-2000) zuzendari eta gidoilari frantziarrari, Euskadiko Filmategiagaz lankidetzan eta, besteak beste, ondokoak ikusi ahal izango dira Classe tous risques (1960), Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971). Romy Schneider, Michel Piccoli edo Emmanuelle Béart artistakaz egindako kolaborazinoakaitik ezaguna da Sautet, ez zan gerraosteko errealizadoreen belaunaldikoa, ezta eta Nouvelle Vaguekoa be.

Montrougen jaio zan 1924an eta Parisen hil, 2000n. 1950ean hasi zan zinemearen industrian, zuzendari-laguntzaile eta André Cerfek, Edouard Molinarok eta Richard Pottierrek egindako hamabi bat filmetan (komediak nahiz kontakizun kriminalak) lan egin eban. Laguntzaile-lanetan egin eban filmik garrantzitsuena Les yeux sans visage (1960) izan zan. Georges Franjuren film horretan gidoilari lanak be egin zituan.

Aurretik, bere lehen filma zuzendu eban, Bonjour sourire! (1956), komedia musikal bat, geroago bere filmografiaren zati handienean egin ebanaren oso bestelakoa. Henri Salvador izan zan protagonista –horra hor film horren bitxikeria bat–, jazza, bossa nova, chansona eta rock and rolla landu zituan abeslari eta gitarrista garrantzitsua.

Sautet zuzendariaren lehen interesak polar-erantz zuzendu ziran; genero horretakoa da Classe tous risques (1960), genero horretako aktore bereizgarrienetako bat protagonista dauena, Lino Ventura. Literatura eta polizia-zinema frantziarraren beste ezinbesteko izen baten –José Giovanni– eleberri batean oinarrituta dago. Urtebete lehenago, Sautet eta Ventura batera ibili ziran ere beste polar batean: Le Fauve est lâché (1959). Gidoia sinatu eta emoten dauenez, zenbait sekuentzia filmau zituan, filma Maurice Labroren izenean akreditauta badago be.

Sautetek zinema kriminalagaz lotuta jarraitu eban, bai eta José Giovannigaz be, Jacques Derayren Symphonie pour un massacre (1963) filmaren gidoian eta beste zenbait polizia-filmetan parte hartu ebalako.

Eta mende-aldaketeagaz Sautetek bere ibilbideko etapa oparo eta ospetsuenari ekin eutson, Romy Schneiderren eta Michel Piccoliren bultzadeari esker.

Sautetek, gainera, drogazale baten emozino eta familia-errehabilitazinoa aztergai dauen drama bat egin eban, hau da, Un mauvais fils (1980), baita komedia erromantiko oso bestelako bat be, Sandrine Bonnaire eta Daniel Auteuil protagonista dituana: Quelques jours avec moi (1988). Gainera, Giovanniren Mon ami le traître filmaren gidoia idatzi eban.

Gero, Emmanuelle Béart aktoreagaz lan egin eban eta haregaz egin zituan bere azken film biak: Un coeur en hiver (1992) eta Nelly et Mr. Arnaud (1995), amodio-triangeluei eta ezusteko erakarpenei buruzko dramea.

Sauteten azken lana Collectif de Cinéastes Pour les Sans-Papiersen barruan sartu zan. Kolektibo hori 200 zuzendari, produktore, erakusle eta banatzaile frantziarrek osotzen eben, besteak beste, Sautet, Bertrand Tavernier, Jacques Audiard, Sólveig Anspach, Catherine Corsini, Laurent Cantet, Philippe Garrel, Lola Doillon eta Alain Bergala eta film labur formako manifestu bat sinatu eben Frantziako legez kanpoko etorkin guztiak babesteko: Nous, sans-papiers de France (1997).

Zinemaldiaren 70. edizioan (irailaren 16tik 24ra), Euskadiko Filmategiagaz lankidetzan argitaratutako liburuen bilduma barri bati ekingo deutse eta lehen zenbakia Claude Sauteti buruzkoa izango da. Azken urteetan Donostia Zinemaldiak argitalpenen bilduma oparoa egin dau Espainiako Zinematekeagaz batera eta hori amaitu ondoren edegiko da etapa barri hau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu