400.000 euro bideratuko ditue film luze, serie edo miniserieak egiteko

Bizkaie! 2022-05-27 13:50   Zinemea

Eskabideak aurkezteko epea bagilaren 9an hasi eta garagarrilaren 8an amaituko da.

Gobernu Kontseiluak asteon onartu dau edozein hedabidetarako edo hedapen-euskarritarako ikus-entzunezko proiektuak (film luzeak, serieak edo miniserieak) egiteko dirulaguntzen deialdia. Ikus-entzunezkoak 2022tik 2023ra bitartean egindakoak izango dira.

Danetara, 400.000 euro erabiliko dira: erdia, 200.000 euro, film luzeak egiten laguntzeko eta beste erdia, 200.000 euro, telesailak eta miniserieak egiten laguntzeko. Diruz lagundu daitekezan gastuak honeek izango dira:

  • Obrearen egilearen eskubideak eskuratzea.
  • Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, alkarrizketak, kanpoko aholkularitzea, itzulpena.
  • Promozino-materiala diseinau eta lantzea: Material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story board-a, webgunea.
  • Marketing- eta banaketa-plana garatzea.
  • Merkatu eta koprodukzino foroetara joatea. Bidaia gastuak, alojamendua eta akreditazinoak.
  • Casting-a egitea eta kokapenak bilatzea.
  • Ikerketa dokumentala, grafikoa (animazinozko proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.
  • Langile-gastuak.
  • Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat.
  • Gastu orokorrak.

Diru-laguntzak jaso ahal izateko, film luzetzat joko da ikus-entzunezko, fikzinozko, animazinozko edo dokumentaleko obra bat, 60 minutuko iraupena edo luzeagoa dauena eta zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistetan modu komertzialean ustiatzeko dana. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da fikzinoaren eta dokumentalaren kasuan eta 40.000 eurokoa animazinoaren kasuan.

Telesailen kasuan, ikus-entzunezko proiektutzat hartuko dira, fikzinozkoak, animazinozkoak edo dokumentalak izanik, gitxienez 135 minutuko iraupen globala daben ikus-entzunezko proiektuak, gitxienez lehen denporaldiari jagokozan hiru kapitulu dituenak eta zinema-aretoetan, telebistetan edo bestelako zabalkunde moduetan merkataritza-ustiapenerako diranak. Era berean, miniserietzat hartuko dira ikus-entzunezko proiektuak, fikzinozkoak, animazinozkoak edo dokumentalak, baldin eta gitxienez kapitulu bi eta gitxienez 90 minutuko iraupen globala badabe. Proiektu horreek aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkataritza-ustiapenerako izan behar dira.

Aurkezten diran fikzinozko edo dokumentaleko serie edo miniserieek gehienez 35.000 euroko laguntzinoa jasoko dabe. Animazinozko serieen eta miniserieen kasuan, gehieneko laguntzinoa 45.000 eurokoa izango da.

Eskabideak aurkezteko epea hilebetekoa izango da, bagilaren 9tik garagarrilaren 8ra bitartekoa.

Igazko deialdian 16 film luze eta 5 serie lagundu ziran diruz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu