Bilbok gorazarre egin deutso Bidaideak talde txapeldunari

Bizkaie! 2022-05-25 08:12   Kirola

Errobera aulkiko saskibaloian, Espainiako Kopea irabazi dabe.

Udaleko eta Bidaideak Bilboko kideak (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken urteotan ospakizun eta omenaldietara ohitzen hasita dagoz Bidaideak Bilbao BSR klubeko jokalariak, irabazi dituen txapelketa guztiei esker. Aurten, orain arte irabazi barik izan daben txapelketa bateko garaikurra ekarri dabe etxera, Espainiako Kopea. Astegoienean irabazi eben, eta Bilboko Udalak harrerea egin deutse klubeko kideei.

Juan Mari Aburto alkatea eta Itxaso Erroteta zinegotzia izan dira udaletxean bertan egindako ekitaldiko buruak. Garaipenik garaipen, titulurik titulu, Bidaideak Bilbao BSR erreferente bihurtu da errobera aulkiko saskibaloian, ez Espanian bakarrik, baita nazinoartean be, esan dau Aburtok, eta ahalegin, konpromiso eta talde-lan handiaren emoitzea dala ganeratu.

2019an Europako txapelketea eta 2021ean ligea irabazi eban Bidaideak Bilbok, aurten kopea. Malagan jokatu zan azken fasea, barikutik domekara, eta kanporaketak gainditu eta gero, Ecory Gran Canaria izan eben bilbotarrek finalean aurrez aurre; 72 eta 67 irabazi eben.

Dana dala, Bidaideak Bilboren lana eliteko kiroleko garaipenetatik harago doa. Eurena errobera aulkiko modalidadea izatekeran, gizartean eredu eta integrazinorako bide da kluba. Ganera, gazteei kirolaren eta integrazinoaren balioak erakusteko ahalegin handia egiten dabe Txurdinagako kiroldegiko saioetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu