Oinarrizko kirolari autortzea Bizkaia Kirolak 2022 Sarietan

Bizkaie! 2022-05-24 09:18   Kirola

Bederatzi erakunde eta norbanako saritu ditue, beste horrenbeste kategoriatan.

Sarituak eta erakundeetako ordezkariak (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko oinarrizko kirolean egiten dan lan isil eta baliotsuari autortzea egiteko aprobetxau ditue 2022ko Bizkaia Kirolak Sariak. Bilboko Bizkaia frontoian egin dau Foru Aldundiak aurtengo sariak emoteko ekitaldia, lurraldeko agintari gorenak bertan dirala; besteak beste, Unai Rementeria Ahaldun Nagusia eta Lorea Bilbao Kultura, Euskera eta Kirol diputadua. Kirol alkarte ugaritako ordezkariak be konbidau ditue.

Bederatzi kategoriatan beste horrenbeste norbanako eta talde saritu ditue. Aurten 60 hautagaitza aurkeztu dira eta epaimahaiak horreen danen artean aukeratu behar izan dau. Bizkaiko kirolariei, 2021ean lortutako kirol-merituakaitik, eta oinarrizko kirolari emondako laguntzinoagaitik nabarmendu diran teknikari, erakunde eta ekitaldiei aintzatespena egitea da asmoa. Honeek izan dira irabazleak:

- Banakako kirolean, Virginia Diaz Rivas (arrauna).

- Taldeko kiroletan, Santurtziko Itsasoko Ama Arraun Taldea.

- Epaileetan, Olatz Rivera Olmedo (futbola).

- Entrenatzaileetan, Iker-Ekaitz Libano Salas (piraguismo egokitua).

- Erakundeetan, Gaztedi Sokatira Taldea.

- Behargin eta laguntzaileetan, Andoni Lopez Garcia (karatea).

- Gazteetan, Bruno Soto Fernandez (halterofilia).

- Beteranoetan, Mikel Bildosola Agirregomezkorta (uger egitea).

- Ekitaldietan, Munduko Sokatira Txapelketea.

Bizkaiko txirrindularitzearen ordezkariak arduratu dira aurten irabazleei sariak emoteaz. Hartara, Bizkaia frontoiko oholtzan ikusi doguz Julian Gorospe, Joane Somarriba, Ramontxu Gonzalez Arrieta, Eneritz Iturriaga, Agurtzane Elorriaga, Ziortza Villa eta Igor Anton.

Kirolean lez, taldean lan egin behar dogu, nabarmendu dau Unai Rementeriak sarituen aurrean egindako berbaldian. Beharrezkoa da kirola eguneroko bizitzeagaz konektetea, eta Bizkaia bide horretan dago, helburu hori lortzen lagunduko daben azpiegiturak sortuz.

Ahaldun Nagusiak aitatu dituan azpiegituren artean dagoz Durangaldea eta Txorierri Bilbogaz lotuko dituan bizipistea, itsasadarreko bulebarra, Erandio eta Barakaldo arteko zubia, Bizkai Bizi eta Bide Berdeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu