Alberto Gastesiren lehen pelikula luzea 'Gelditasuna Ekaitzean' filmetan hasi dira
2022-05-05 09:28 ZinemeaLoreto Mauleon eta Iñigo Gastesi dira protagonista.
Historiaren joanaldi narratiboari jagokozan sekuentziak grabau ondoren, Vidaniak produzidu eta zuri-baltzean filmautako film honek bagilean amaituko dau filmaketea, orainari buruzko eszenakaz.
Apirilaren 4an hasi ziran Donostian Gelditasuna Ekaitzean filma grabetan, Alberto Gastesiren lehen film luzea. Filmaren grabaketea zati bitan egin dabe: Lehen zatia apirilean grabau dabe, historiaren joanaldiari jagokozan sekuentziak. Datorren bagilean filmaketea amaitzeko, orainari buruzko eszena narratiboak filmauko ditue. Euskeraz eta gaztelaniaz grabau dabe, zuri-baltzean eta 4:3 formatuan, filmak 85 minutuko iraupena izango dau.
Zinta honen protagonistak dira Loreto Mauleon (Patria, 2019; El secreto de Puente Viejo, 2012-2019), film luze batean protagonista dabilen lehen lana eta Iñigo Gastesi (La línea invisible, 2020; Lasa eta Zabala, 2014). Eta bi horreekaz batera dira Aitor Beltrán (El Internado: Las cumbres, 2021; El hijo del acordeonista, 2018) eta Vera Milán (Somos, 2021).
Gelditasuna Ekaitzean filmak bikote bat dau protagonista, Lara (Loreto Mauleón) eta Daniel (Iñigo Gastesi); ezer gitxi geratzen jakon ekatx egun batean ezagutu ziran. Orduan gazteak ziran eta etorkizunak aukeraz beteriko herrialde urrun bat emoten eban. Urte batzuk aurrerago, euren bideak barriro kurutzatu dira —beste ekatx bat, uri bera—, baina biak aldatu egin dira. Joanaldiaren eta orainaren artean, La quietud en la tormenta filmak persona biren maitasun-istorioan barrena egiten dau; horreen bizitzek, beste egoera batzuetan, beste sasoi batean, beste bide batzuk hartu eikiezan.
Zintearen zuzendariak onartu dauenez, Lehengoa biziteko ezintasunari buruzko istorioa da hau, baita zinema jakin batek dauen ezintasunari buruzkoa be. Leku bat topetan ez dauen eta kontakizun bat ez dauen belaunaldi bateko jenteaz dabil, arrotz biren artean, hain arrotz ez izanda be, konpartiduten dan desengainu modu batez: orainean topo egin dabe bizitza bi, nahiz eta lehenago be kurutzatu ziran, modu igeskorrean. Aukerea erabili gura dot askatasunik handienaz sortzeko: hilebeteka bereizitako zati bitan filmauta. Nire film laburretan gaurgero kontauta ditudan gaiak eta erakutsitako formak agertzen dira (bat-batean agiri diran kasualidadeak, bigarren itzuliak, atzealde eta arrakalak narratiba linealean, bertigoa.
Alberto Gastesik zuzenduta eta Alex Merino (Las flores del infierno, aurre-produkzinoan) eta Alberto Gastesi gidoilari dituala, Gelditasuna Ekaitzean filmak Esteban Ramos dau erretratugintza-zuzendaria (La Unidad, 2020; La gran mentira, 2019). Itziar Otxoa da produkzino-zuzendaria. Alejandra Arróspide (For The Good Times, 2017) zuzendaritza artistikoaren buru da. Iona Lacunza da jantzien arduraduna. Kizkitza Retegui arduratzen da makillajeaz eta Olga Cruz ule-apaindegiaz. Andrea Sáenz Pereiro arduratzen da soinuaz. Jaione Daubagna da zuzendari-laguntzailea. Loinaz Jauregui da produktorea.
Gelditasuna Ekaitzean Vidania Filmsen produkzinoa da. Filmak Eusko Jaurlaritzearen babesa dau. 2022ko udagoienean estreinetea aurreikusten da.
Alberto Gastesi
Narrazinoa irudietan egiteko hasieratik erakutsitako ardureak bultzatuta, hamahiru urtegaz film labur bat filmau eta muntau eban eta handik gitxira Isabel Alba gidoilariak Larrotxenen zuzentzen eban nerabeentzako zinema-lantegian sartu zan. Hasiera haretan Trampantojo lana egin eban eta horregaz Valentzian eta Atenasen sariak jaso eta Budapesten hautatua izan zan.
Gaztetan film laburra, bideoklipa eta bideo-sormena landu zituan eta horrekaz batera Madrilen publizidade-iragarkiak zuzendu zituan. Azken urteotan hainbat film labur zuzendu eta fikzinoko hainbat gidoi idatzi ditu Alex Merinogaz batera. Gaur egun bere lehen lan luzea filmetan dabil, Gelditasuna ekaitzean, hurrengo urterako Singular bere bigarren filma atontzen dabilen bitartean.
Filmografia (film laburrak): Las vacaciones (2020); Cactus (2018): Miroirs (2016); Alejandra (2014); Ahaztutako denboraren mapa (2013); Ekaitza (2012); eta Istmo (2019).
Vidania Films
Zinema-produkzino etxe donostiarra da, publiko globalari zabaldutako gaiei begirada propioa emoten deutsen autore-zinema baten alde egiten dauena. Orain arte, bederatzi film labur produzidu ditu Vidaniak; Alberto Gastesi, Andrés Daniel Sainz eta Peru Bergaretxe zuzendarienak, besteak beste. Era berean, Nina Mitrovic antzerkigile kroaziarraren Agurra antzezlana be produzidu dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!