'Ivanka' antzezlanaren estreinaldia Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdian
2022-05-04 10:55 ZinemeaMaiatzaren 7an estreinauko da Ivanka, Piszifaktoria Ideen Laborategiaren azken lana.
Donostiako X. Poltsiko Antzerki Jaialdiak atontzen dauen lehiaketea irabazi ondoren, maiatzaren 7an, zapatuan, estreinauko da Ivanka, Piszifaktoria Ideen Laborategiaren azken lana, Donostiako Jaialdiaren programazinoaren barruan. Herrera auzoko Kontadores Zentroan izango da, 19:00etan eta sartzea doban izango da.
Ivanka geurera heldu dan ekialdeko immigrante pobrea da. Haren kontakizunari esker jakingo dogu zergaitik alde egin behar izan eban bere herrialdetik eta zer topau dauen hemen. Gure gizartearen hainbat alderdi ilunen erradiografia deseroso bat jarriko deusku mahai gainean: indarkeria matxistea, immigrazinoa, krisiekonomikoa, gentrifikazinoa...
Antzezlan barritzaile honek murgiltze-esperientzia bat eskaintzen deutso ikusleari eta soinua eta gorputzearen mobimentua erabilten ditu, istorioari geruza dramatiko barriak eransteko.
Estreinaldiaren ondoren, beste hiru aukera izango dira lan berezi hau Poltsiko Jaialdian ikusteko: maiatzaren 8an, Egiako LeBukowski tabernan, 19:00etan; maiatzaren 14an, Martuteneko Etxarriene Auzo Etxean, 19:00etan; eta maiatzaren 20an, Añorgako Museum Cemento Rezola Museoan, 20:00etan.
Irati Agirreazkuenaga aktoreak jokatuko dau Ivankaren papela. Mikel Ayllonek gidoia idatzi eta antzezlana zuzendu dau eta Igor Arzuagak propio sortu dau pieza honetarako musika eta soinu-giroa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!