Zeanuriko Erroten XV. Ibilaldia maiatzaren 8an

Bizkaie! 2022-05-02 11:05   Kirola

Joko Alai Alkarteak atondu dau 2022ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia.

Urte biko etenaldiaren ostean, maitzaren 8rako atondu dau Joko Alai Alkarteak 2022ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Urtekerea goizeko 09:00etan izango da. Aurten hamabosgarren edizioa beteko dau oinezko martxa honek eta atontzaileek adierazo dabenez helburuak hasierakoak dira: Herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri (Bizkaia) eta bere auzoak ezagutzera emotea eta Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan danetara hamezortzi dira —gehienak bertan behera itxita, baina beste batzuk zaharbarriztauta—, danak hidraulikoak.

Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.

Ibilbidea 18 kilometrokoa da, baina umeentzat edo ondo preparauta ez dagozanentzako laburragoa, 12 kilometrokoa, egiteko aukerea be eskaintzen da. Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri —hemen sartu-urtena egiteko eta errotea martxan ikusteko aukerea izango da— erroten ondotik igaro ondoren, Undurragako urtegiaren ertzetik aurrera egingo dabe parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxita, Barrengoerrota topauko dabe Beretxikorta errekatxoaren ertzean. Agarre baserriaren ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera bajatuko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen be, ateak zabalik izango dira eta nahi dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusteko aukerea izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse —oraingoan beste aldetik—; urtegiaren presatik 100 metro aurrera, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana emongo dau Gastronomía Cantábrica-k. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ondotik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak erabat zaharbarriztauta—, eta sartu-urtena egiteko aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.

Ibilbide osoa egiten dabenek 18 kilometro egingo ditue ibiltariek baina seguru hitzorduari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udaberrian natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango baitabe.

Antolatzailea: Joko Alai alkartea da eta laguntzaileak, barriz, Gastronomía Cantábrica, Grupo Solitium, Arratiako Gurutze Gorria, Beintxa Eraikuntzak, Zeanuriko Udala, Gorbeialde eta Txapó Creativos.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu