Euskadiko Filmategia nazinoarteko FIAF erakundean sartu da

Bizkaie! 2022-05-02 10:49   Zinemea

Eskubide osoko kide izango da aurrerantzean.

FIAFen urteko batzarrean, ordezkariak Euskadiko Filmategiaren aldeko botoa emoten (argazkia: Euskadiko Filmategia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskadiko Filmategia eskubide osoko kideen artean onartu dau Film Artxiboen Nazinoarteko Federazinoak (FIAF), Budapesten egindako urteko batzarrean erabagi danez. Berez, 1994tik egon da Euskadiko Filmategia FIAFen, baina orain arte ez dau lortu eskubide osokoa izatea.

Horretarako eskabide formala euskal ordezkariek eurek egin eben eta FIAFeko Batzorde Betearazlea arduratu zan onespena emoteaz. Ondoren, Budapesteko batzarrean, eskubide osoko kide diran 93 zinematekek bozkatu dabe Euskadiko Filmategia onartu ala ez. Kontrako boto barik eta abstentzino bakarragaz emon deutse onespena.

FIAFeko Batzorde Betearazleak Euskadiko Filmategia onartzearen alde egiteko eskaria egin deutse beste kideei bozketearen aurretik. Horretara bultzatu dabe hiru eragile garrantzitsuk euskal ordezkarien alde bialdutako gomendio-gutunek: Eric Le Roy (Frantziako Zinema eta Irudi Animatuaren Zentro Nazionaleko Zinematografia Ondarearen zuzendaria), Josetxo Cerdán (Espainiako Filmategiko zuzendaria) eta Esteve Riambau (Kataluniako Filmategiko zuzendaria).

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak pausu historikotzat jo dau, arazoak eta urtenbideak arinago konpartidu ahal izango diralako nazinoarteko beste erakunde batzukaz. Mugarik ez daben helburuak konpartiduten doguz FIAFegaz, adierazo dau Fernandezek.

Aurrera begira, bultzadea izango da hau, zuzendariaren ustez: gure funtzinoak beteten jarraitzeko eta ondare zinematografikoaren konserbazinoak eta hedapenak etorkizunean azalaratzen dituen erronka ugariei aurre egiteko pizgarria da. Bidelagun ezin hobeak izango doguz, nazinoarteko familia bateko kide sentiduten gara.

Film Artxiboen Nazinoarteko Federazinoa, FIAF, munduko ondare zinematografikoa babesteko eta zabaltzeko lanean dabil 1938tik, eta alor horretako munduko erakunde nagusiak batzen ditu. Filmak bilatzen, jagoten, erakusten eta sustatzen ditue kideek, artelan eta kultura lez ulertuta, baita dokumentu historiko lez be. 1938an FIAFek lau kide zituan eta gaur egun 79 herrialdetako 171 erakunde dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu