Bilboko leku ezagunetatik pasauko da Europako Duatloi Txapelketea
2022-04-13 13:28 KirolaIrailaren 17an eta 18an, mila kirolari baino gehiago etorriko dira.
Bizkaian egingo dan 2022ko Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketearen barruko sei modalidadeen artean, jentetsuena izango da duatloia. Antolatzaileek proba horren ibilbidearen nondik norakoak emon ditue, eta deigarriena da Bilboko leku enblematiko askotatik pasauko dirala kirolariak.
Gitxi gorabehera, 1.100 kirolarik hartuko dabe parte duatloi modalidadeko lasterketetan (edadekoena, gazteena, paraduatloia...), irailaren 17an eta 18an. Bidean topauko ditue, besteak beste, Guggenheim Museoa, Arriaga Antzokia, zubiak, udaletxea eta Itsasmuseum. Ganera, itsasadarraren albotik ibiliko dira eta Artxanda ingurura be igongo dabe.
Duatloiko proben erdigunea Arenala izango da, han ipiniko dituelako urteerea eta helmugea, kategoria guztietan.
Europako txapelketen bultzatzaileek azaldu dabenez, Bilboko leku enblematikoenak zeintzuk diran munduari erakustea garrantzitsua da, baina uriaren jardunari ahalik eta endredorik txikiena eragitea be bada lehentasuna. Oreka hori lortzeko, lehiaketa egun bitan egingo dabe.
Bilboko Udalagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, Espainiako Triatloi Federazinoa da antolatzailea. Europako Triatloi Federazinoak eta Inneventok be lagunduko dabe Bilboko txapelketak atontzen. Azaldu dabenez, izen-emoteak martxa onean doaz, eta, garagarrilaren 31ra arte, % 40ko deskontua egingo deutse dorsala hartzen dabenei.
Ganera, era honetako ekitaldi jentetsuak hartzeko Bilbok daukan gaitasuna be nabarmendu dabe antolatzaileek. Espainiako Vuelta, futbolean eta saskibaloian munduko txapelketak eta errugbian Europako finalak hartu ditu Bizkaiko uriburuak, besteak beste.
Duatloia ekitaldirik jentetsuena izango dan arren, Europako Triatloi Txapelketako ganerako modalidadeek be jente ugari erakarriko dabe Bizkaira, danetara 8.000 bat lagun, aurreikuspenen arabera. Gune bat baino gehiago izango ditue probek: Getxo-Portugalete, Enkarterri-Balmaseda, Urdaibai-Balmaseda eta Bilbo.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!