Getxoko Udalak Bizkerre emakumeen futbol-taldeari harrerea egin deutso ligea irabazi ondoren

Bizkaie! 2022-04-12 10:17   Kirola

Bizkerre Real Madrid B eta Osasuna B lako taldeen kontra lehiatuko da.

Getxoko alkate Amaia Agirrek eta udal-ordezkaritzea daben alderdi politikoetako bozeroaileen taldeak Bizkerre Futbol Taldea hartu dabe, Liga Nazionalean taldeak irabazi egin dauelako. Gainera, horri esker, emakumeen futboleko Bigarren Mailara igotea lortu dabe eta, beraz, lorpen bikotx horreengaitik zoriontzeagaz batera, Agirrek adierazo dauenez, gure herriarentzat ohore bat da Bizkerre lako klub bat izatea, erreferentea emakumezkoen futbolean eta erreferentea baita kirol zein kudeaketa mailan egindako lan onagatik be. Era berean, Agirrek ondokoa nabarmendu gura izan dau: Ospakizun honetan ezin dogu baztertu lorpenok emakumezkoen futbolaren testuinguruan jazoereak dauen garrantzia. Kirol-arloko lorpena ospatzen dogu baina ez hori bakarrik ze zuon eta Bizkerre Futbol Taldearen ibilbidea klub legez emonkorra da, 4 talde maskulino eta 15 talde femenino dagoz, 200 emakume baino gehiagok jokatzen dabe, udalerri lez harro egoteaz gan, gizonen eta emakumeen arteko benetako bardintasuna lortzeko aurrera egiteko aukerea emoten deuskue. Behin baino gehiagotan gogoratu dogu kirolak gizartean aurrera egiteko tresna izateko duen ahalmena. Esangura horretan, gaurko lorpenak urte askotako lanaren emoitzea dira eta zuek bidea edegi zenduen Getxoko gazteentzat erreferente izatearren.

Taldearen ordezkaria Aintzane Ganboa kapitainak eskerrak emon deutsoz Getxoko Udalari egindako harrerearengaitik eta emondako babesagaitik eta azaldu dauenez, denporaldiaren hasieran ez genduan espero azkenean lortu dogun hau lortzea, baina klubeko guztien ahaleginari esker gorenera heldu gara. Espero dot egindako ahalegin horrek, baita Udalarena be, balio izatea udalerrian emakumezkoen kirolari bisibilidade edo ikusgarritasun handiagoa emoteko, ezin baitogu ahaztu hainbat diziplinatan talde eta indibidualtasun handiak dagozala.

Hurrengo denporaldian, emakumezkoen Bizkerre taldea Bigarren Mailako Iparraldeko taldean sartuko da eta, besteak beste, Real Madrid B, Osasuna B etaAtlético Baleares lako taldeen kontra jokatuko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu